Hamar urte dira aurten ekitaldi hau Bergaran –eta eskualdean– egiten hasi zirela, eta hamargarrena izango da, hain justu, domeka honetakoa –iaz ez baitzen egin–.
2011ko hura egiteko ideia nola sortu zen gogoan du Agurne Barrusok, lau urte lehenagotik herriko alkate zenak –umeen ongietorri ekitaldi egunean osatu zen, hain zuzen ere, udalbatza berria; agintaldiko azken ekintza izan zuten–: "Domeka batean irratia entzuten ari nintzen arropak lisatu bitartean, eta entzun nuen Bizkaiko herri batean hori egiten zutela, ongie-torri soziala-edo egiten zietela aurreko urtebetean herrian jaiotako umeei, eta oso polita iruditu zitzaidan". Gobernuaren hurrengo bilerara eraman zuen gaia, eta hala erabaki zuten egiten hastea: "Hurrengo urteko Pazkoetarako zapiak atera ge-nituen eta egin genuen harrera".
Agurne Barruso, alkate ohia: "Hernanitik, Pasaiatik... etorri ziren; jendeari ilusioa egin zion".
Eskualdeko beste hainbat herritara ere zabaldu zen ekintza; jendearen gustukoa gertatu zen, Bergarako lehen edizio hartatik bertatik, Barrusoren arabera: "Kanpoan bizi ziren bergararrek deitu egiten ziguten, ea euren umeak ekarri zitzaketen gal-dezka, eta etorri ziren Hernanitik, Pasaiatik... Jendeari ilusioa egin zion".
Neurri bereziekin
Iaz egiterik eduki ez ostean, aurten helduko diote berriro umeen ongietorriari. Jaiek behar zuten egunetarako zenbait kultura ekitaldirekin batera antolatu duten bestelako ekintza bakarra da; egoera eta ekintzaren ezaugarriak aztertuta, aurrera egitea erabaki zuen Udalak, Kultura batzordeko buru Kristina Markinak dioenez: "Hamar urtean egin den gauza bat da, eta arrakasta handia duena, eta pentsatzen duguna herritarrei eta guraso horiei ilusio handia egin izan diela. Aztertu genuen beste sasoi batean egiteko aukera, baina iruditzen zitzaigun neurri guztiak hartuta posible zela egitea; nahikoa ekitaldi xumea izango da, moldatu egingo dugu, ez da izango, besteetan bezala, hain jendetsua". Hurrengo urterako utziz gero hiru urtetako umeak pilatuko liratekeela-eta hobetsi zuten ongietorria egitea.
Kristina Markina, Kultura zinegotzia: "Argazkiak banaka izango dira, ezingo da talde argazkirik atera oraingoan".
2019ko jaietatik iazkoetara jaiotako 79 umeen eta iazkoetatik aurtengoetara mundura etorritako 92en –litekeena da azken orduan jaiotako beste batzuk ere izatea– familiei egin diete ekitaldirako gonbidapena; bakoitzari txanda zehatza emango diote, eta gehienez 30 laguneko txandetan egingo dute ekitaldia, domeka goizean. Ume bakoitzeko guraso bakarrak joan ahalko du. Eta badira neurri gehiago: "Badakigu nola gustatzen zaigun argazkiak ateratzea eta; ohitura da Bitorianatxoren irudiarekin gero argazkia ateratzea; baina aurten, geuk kontratatuko dugu argazkilari bat eta photocall moduko bat egingo dugu, hori ere pixka bat bideratuta egoteko. Normalean, zapia jarri eta gero, talde argazkia ateratzen da, eta, oraingoan, argazkiak izango dira banaka, ezingo da talde argazkirik atera. Hori da alde handiena. Zapiak jartzeko orduan ere, alkateak-edo jarri izan du orain arte, eta oraingoan, umearekin dagoen heldu horrek jarri beharko dio zapia; guk banatu egingo ditugu eta eurek jarriko dizkiete umeei. Egoerak baldintzatutako aldaketak izango dira".
Gero eta ume gutxiago
Ez da gauza berria gizartearen zahartzearena, eta horretan zerikusi handia du, besteak beste, jaiotza-tasaren beherakadak. Bergararen kasuan, esaterako, aurrekoarekiko alderatuta azken urtean jaiotzek gora egin duten arren, perspektibarekin azter-tuta argi ikusten da beheranzko joera hori. Umeen harrera ekitaldia aurreneko aldiz egin zen 2011 hartan, esate baterako, 138 ume jaio ziren, eta gerora gorakadak eta beherakadak, biak, izan diren arren, joera orokorra beherantz da nabarmen; azken hamarkada bi zatitan eginez gero, esate baterako, lehenengoan urteko 135 ume jaio ziren, batez beste, eta bigarrenean, 97 baino ez. 2019a izan zen jaiotza gutxieneko urtea, 77rekin.
Ur Ana Balentziaga eta Aitzol Gomez de Segura
"Pandemiagatik, hasieran ez genuen jendearekin egon nahi, baina gero, lasaitu egin ginen"
Lehen umea dute, eta esperientzia "polita eta, aldi berean, gogorra" izaten ari dela dio Ana Balentziagak; adibidez, umeari lo egitea kosta egiten zaio. Pandemiak ez die askorik eragin: "Hasieran, ez genuen jendearekin egon nahi, badaezpada, baina gero, lasaitu egin ginen".
Jakes Hibai Kareaga eta Sandra Bretaña
"Estutasun momentuak ere izaten dira, baina umearekin disfrutatzeko ona izan da etxealdia"
Lehen konfinamendua baino hamabost egun lehenago jaio zen Jakes. "Itxialdiak mesede egin zigun, etxean lasai, bisitarik gabe...", dio aitak. "Estutasun momentuak ere izaten dira, ezjakintasunagatik; baina guk umearekin disfrutatzeko, guretzako oso aberasgarria izan zen etxealdia".
Luka Tania Meabe eta Odei Andueza
"Ez nintzen etxetik irten maiatzera arte; bideo-dei bidez familia osoak ezagutu zuen umea"
Iazko otsailean jaio zen Luka; esperientzia "polita eta gogorra neurri berean" izaten ari dela dio amak: "Bizitza aldatu egiten da, baina oso pozik". Pandemia iritsi zen laster: "Ez nintzen etxetik irten maiatzera arte", badaezpada."Bideo-dei bidez familia osoak ezagutu zuen".
Martin Ander Urriolabeitia eta Mireia Egaña
"Gurasoekin eta aitona-amonekin nahi genukeen moduan egoteko aukerarik ez dugu izan"
Abuztuan izan ziren guraso, eta bizimodu aldaketa ondo daramatela dio aitak. Gauzek ezin izan dute irudikatzen zutena moduan izan, hala ere: "Gurasoekin eta aitona-amonekin nahi genukeen modura egoteko aukerarik ez dugu izan. Egokitu egin behar izan dugu, beti talde txikietan".