Badaude sektore batzuk bizirauteko herrietako festen behar handia dutenak. Udaberritik udazkenerako kanpainaren zain egoten dira urtero, hibernatzen duten hartzak bezala, bai baitakite tenperaturak igotzen direnean heltzen dela naturaren deia; kasu konkretu honetan, telefono bidezko dei eta mezu zaparrada etengabea. Iaz, gorriak pasatzea egokitu zitzaien, eta aurten, espero baino uzta urriagoa jasoko dute, maiatzean ospatzen diren jai patronalen ohiko egitaraurik ez baitute aurkitu inon. Gogotik saiatu arren, joko eta espektakuluetara dedikatzen diren langileek ezetza kudeatzen ikasi behar izan dute hilabeteotan.
Horren adibide argia dira barrakak jartzeaz eta zezenketak egiteaz arduratzen diren beharginak. Bergaran, euren eta festazaleen mesederako, espazio esanguratsua eskaini izan zaie Pentekosteetan, baina Udalak jaiak bertan behera geldituko zirela iragarri zuenetik asaldatuta daude, ez baitute ulertzen zergatik ezin dituzten euren ekintzak aurrera atera, beste ekitaldi kultural batzuei aukera hori eskaintzen zaien bitartean.
"Are gehiago, gure ekintzak aire zabalean garatzen dira eta", argudiatu du Juan Pablo Sanzek, Legazpiko Atracciones Sanz enpresako kideak. Ildo berean mintzo da Iñigo Almorza, Bergarako Zezenzale elkarteko presidentea: "San Martin plazan jartzen dugun zezen-plazan 1.200 pertsona sartzen badira, edukiera erdira jaitsi dezakegu, eta, hala, areto batean baino askoz jende gehiagok goza dezake ikuskizunez, ez bakarrik zezenketez". Lehen sektoreak "begirune pixka bat" merezi duela uste du, gainera, irabazirik jasotzen ez duten bitartean ganaduak ez sakrifikatzeko erabakia hartu zutelako: "Horrek dakarkigun galera ekonomikoekin".
Udan, "agian, bai"
Pentekosteen trena galdu badute ere, horrek ez du esan nahi datozen hilabeteetarako esperantza galdu dutenik, zezenen ikuskizunak eta kultura emanaldiak jarri nahi baitituzte kalean: "Apirilean Udaleko ordezkariekin batu ginen, eta galdetu genien ea zezen-plaza jarri genezakeen uda hastearekin batera, erraldoiek, herriko musika taldeek eta errekortadore zein zezenzaleek bergararren aurrean agertzeko aukera izan dezaten", aipatu du Almorzak. Udalaren erantzunaren zain daudela dio jai batzordeko kideak.
Kale zurrutaren ajeak
Aurten txosnarik egongo ez denez eta tabernek egunez bakarrik irekiko dutenez, "gauez botila festa egiteak tokiko banatzaileei kalte" egingo diela argi dauka Jokin Zubeldiak, Txomin Zubeldia enpresako langileak. Txosnak eta tabernak edariz hornitzeaz arduratzen da 21 beharginez osatutako Bergarako lantegia; iazko martxotik hona "gorabehera handiak" jasan ditu euren sektoreak, baina joan den udan nabaritako gorakadak "lasaitasuna" eman die aurtengo kanpainari begira. Halere, maiatzean Gipuzkoako festak bertan behera geratzeak ez die onik egin.
DATORREN UDA NOLAKOA IZANGO DA?
Naiara Urresti, Laket erromeria
"Erromeria taldeok geldi gaude, ez dugu tokirik"
"Urtero deitzen digute Pentekosteetarako, eta oso gustura joaten gara. Onartu behar dugu Xaxau konpartsak bikain tratatzen gaituela. Udara begira, oraindik ez dugu eskaririk jaso; parranda giroko taldea garenez gero, momentuz ez daukagu plazetan tokirik. Talde akustikoak, esaterako, badabiltza euren kontzertuak eskaintzen, giro lasaiagoetan moldatu daitezkeelako. Baina ez da gure kasua. Ea datorren urtean egoera aldatu eta berriz elkar ikusten dugun!".
Kini Noya, Jai-Kit Muntaketak
"Bagabiltza deiak jasotzen, baina zail ikusten dugu"
"Jaietako txosnak muntatzera dedikatzen garenez, gizarte mailan talde immunitatea noiz lortuko dugun zain gaude. Hori ez da gehiengoak txertoa jarri arte gertatuko; aurtengo kanpainan baino gehiago, datorrenean, hau da, 2022ko maiatzean, espero dugu ohiko jarduna berreskuratzea. Halere, hasi gara uda honetan zerbitzua emateko eskariak jasotzen, baina badakigu txosnak muntatzeko baimenik ez dagoela. Egoera beltza bizi dugu, fakturaziorik gabe zaila da gastuei aurre egitea".
Ander Romero, Bidean erromeria
"Orain berdin zaigu gauez edo egunez jo, ahal dena egiteko prest gaude"
"Kontzerturik jo ezin honetan, sare sozialak dira gure presentzia bermatzeko modu bakarra, aktibo gaudela erakusten baitugu bertan. Urtez urte gero eta toki gehiagotan jo izan dugu udan zehar, beraz, iazkoa jomugan geneukan, eta pandemiarekin guztia joan zen pikutara. Gogoan dut 2019ko Pentekosteetan euri zaparrada bota zuela; pena izan zen, jende gutxi baitzegoen ikusten; halere, soinu ekipoa eta oholtza onak egokitu zitzaizkigun, eta gustura aritu ginen lau orduz".
ZERK ERAGITEN DIZUE AMORRU HANDIEN?
Juan Pablo Sanz, Atracciones Sanz
"Udal askok ez gaituzte entzun ere egin nahi"
"Zarautzen izan ezik, Gipuzkoan ez dugu barrakak jartzeko aukerarik izan, eta umeentzako parkeak, puzgarriak-eta bakarrik ireki ahal izan ditugu. Pandemia hasieran sekulako ahalegina egin genuen egoerara moldatzeko, Ertzaintzarekin joko eta espektakuluen inguruko neurriak hartu genituen, hesiak, panelak, gelak, manparak... Denetik ekarri genuen. Alfer-alferrik. Osasun Ministerioaren baimena izanda ere, gure sektorea geldi dago hemen".
Iñigo Almorza, Bergarako Zezenzale Elkartea
"Ekintzak antolatzeko borondatea falta da"
"Zezen ikuskizunak antolatu nahi ez izatearen atzean beldurra sumatzen dugu Udalaren aldetik, nahiago dutelako ezer ez egin, gero egindakoan seinalatuak izatea baino. Kontua da guk Osasun Sailarekin landua dugula protokolo guztia, eta, gainera, praktikan jarri genuen urrian Azpeitian, arrakastaz. Bestalde, errekortadoreen eta afizionatuen aldetik babes handia jaso dugu, eta eskertzekoa da benetan. Baina, orokorrean, jendea etsita nabari dut, gogo faltarekin".