Jaietako alkandorak, urteetako tradizio koloretsua

Jone Olabarria 2021ko mai. 22a, 15:01

Pentekosteetako bereizgarri eta ikur diren jaietako brusa edo alkandora koloretsurik ez dute saldu azken bi urteotan, baina ohitura horren nondik norakoak azaldu dituzte

Pentekoste jaiak kolorez janzten dituzten brusa eta alkandorak egiteko oihaletako asko irten dira Elgetarako errepidean dagoen Telaetxe oihal biltegitik. Duela hamarkadak negozioa ireki zutenetik, oihal koloretsuak saltzeko garaia izan ohi da jaien aurrekoa, nahiz eta azken urteak ezberdinak izan diren.

Bergaran oso errotuta dagoen ohitura da jaietako alkandorena...

Bai, aspaldidanik dator jaietarako kuadrillaka brusak egitearen ohitura. Haurren kasuan, azken urteetan askok kamisetak egin izan dituzte ere, marrazkiak jartzeko aukera ematen dutelako, edo izenak idaztekoa; pertsonalizatzeko, azken batean. Hala ere, nagusitzen doazen heinean, alkandora nahiago dute bergararrek. 18 bat urterekin egin ohi dituzte alkandorak kuadrillek; asko, bizitza osorako. Hala ere, orain gero eta gazteago egiten dituzte, hamabi bat urteko umeak ere etortzen dira.

Zeintzuk dira oihal eskatuenak, herritarren gustukoenak?

Jaietako alkandorak egiteko, zalantza barik, koloretsuak eta estanpatu bizidunak. Zenbat eta deigarriagoak izan, hobeto; horiek nahiago dituzte. Azken batean, jai giro hori ere islatu behar dute brusek.

Alkandoraren forma ere ondo pentsatuta ekartzen dute...

Bai, argi izaten dute poltsiko kremaileraduna nahi dutela, dirua edo telefonoa bertan gorde ahal izateko. Eta mahuka luzedun brusak, beti; bestela, ezin gerrira lotuta eraman.

Oihalen diseinuak mugatuak izango dira; nola egiten duzue kuadrilla bakoitzak berea izan dezan?

Bai; saiatzen gara ez errepikatzen, edo, behintzat, adinean gertukoak diren kuadrillek berbera ez erosten. Oihal jakin bat zein kuadrillak erosi zuen apuntatzen dugu, eta, horrela, urtez urtekoa gordeta, badakigu zeintzuek duten estanpatu hori. Bezeroren batek interesa duenean oihal jakin batekiko, abisua ematen diogu, oihal hori aurretik norbaitek erosi duen edo ez. Edozelan ere, zaila izaten da ez errepikatzea.

Igarriko zenuten azken bi urteetan behera egin duela brusen salmentak, jairik ez dagoenez...

Bai, igarri dugu, zalantza gabe. Ez dugu oihal metro bat ere saldu jaietako alkandoretarako. 2019ko jaien ostean, oihal diseinu berri ugari eskatu genituen, eta hemen ditugu, jaiak noiz ospatuko zain, biltegian.

Noiz hasten dira enkarguak egiten kuadrillak?

Aratusteen ostean hasten dira oihalak aukeratzera etortzen. Hainbat kasutan, alkandora asko egin behar izaten dituzte, eta jostunak ere behar du denbora.

Bergaratik kanpo, etortzen zaizkizue kanpoko bezeroak jaietako alkandorak egiteko oihal bila?

Batzuk bai, baina hemen bezain beste ez dago errotuta inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak