Pentekosteetan falta ezin daitekeen elementuetako bat da Jardunek urtero-urtero egiten duen zapia. Aurtengoak gertu daude, azken urteetako parte hartzerik handienetakoa izan duen lehia-ketaren ostean: 41 esaldi eta 38 diseinu, guztira.
2021eko irabazleak aukeratzeko, pandemia eta euskararen erabilera izan ditu kontuan Jardunek: "Egoera berezi honek boz-ketan ere izan du isla, nahiz eta umeenetan haien ilusioak izan diren ardatz nagusi; ez horrenbeste koronabirusa".
Lehen zapia jasotzetik, aurtengoa sortzera
Bergarako Udalak egiten duen jaioberrien ongietorrian zapia jaso zuen lehen haurra izan zen Oihana Tabares. Hamar urte geroago, bere esaldia eta leloa aukeratu ditu epaimahaiak aurtengo umeen zapirako. "Jaietako pertsonaia eta ekintzak zeintzuk diren pentsatu, eta Bitorianatxo etorri zitzaidan. Asko gustatzen zait marraztea; tabletan egin dut. Eskolan bertsolaritza lantzen dugu, eta horrek ere lagundu dit zapirako esaldiarekin".
"Jaiak ospatzeko beste modu bat islatu nahi izan dut diseinuan"
2019an aurkeztu zuen diseinu bat lehenengoz zapien lehiaketara Nagore Aranburuk; orduan ere garaile izan zen.
Espero zenuen aurten ere lehen saria eskuratzea?
Sorpresa izan da. Aurrekoan aurkeztutakoaren nahiko antzekoa da aurten egin dudan diseinua, eta ezberdinagoa den zerbait saritzea espero nuen. Betidanik asko gustatu izan zait marraztea.
Pandemiak ere izan du isla aurtengo zure diseinuan: etxea, leihoa...
Argi nuen aurtengo jaiak pixka bat ezberdinak izango direla islatu behar nuela, nahitaez, diseinuan. Jaiak ospatzeko modu ezberdina izango dela, eta horregatik erabaki nuen Bitorianatxo etxe barruan sartuta irudikatzea. Gaur egun bizi dugunarekin lotu dut.
Leloa ala diseinua, zer izan da zailagoa?
Zailena ideia leloarekin lotzea izan da, esaldia pentsatzeak kendu dit denbora luzeen; gero, errazago etorri zen diseinua.