Deba Bailarako Itaia taldeak 'Gaitasunak antolatu' jardunaldian parte hartzeko deia egin du

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 14a, 20:10

'Gaitasunak antolatu' jardunaldiaren aurkezpena, Bergaran.

Ekainaren 12an egingo dute jardunaldia Urretxu-Zumarragan. Emakume langileen isolamendu eta prekarietate egoera izango dituzte aztergai. Hala, lau mahai-inguruko jardunaldia prestatu dute. Ezinbesteko jotzen dute emakume langileen emantzipaziorako errealitatearen analisi kritikoa egitea.

Duela bi urte sortu zen emakume sozialisten Itaia sarea, eta eskualdez eskualde antolatu ostean Gaitasunak antolatu jardunaldia deitu dute ekainaren 12rako Urretxu-Zumarragan. Deba Bailarako Itaia taldeak ere jardunaldian parte hartzeko deia egin du. 25 bat lagunen aurrean egin dute aurkezpen ekitaldia Bergarako kartzela zaharrean. Ondoren, Katarsia taldearen emanaldia izan da.

"Gizarte kapitalista honek isolamendu sozial batera kondenatzen ditu emakume langileak; etxeko isolamendura eta erreprodukzio lanetara", azaldu dute Itaiako bailarako ordezkariek aurkezpen ekitaldian. Azaldu dute COVID krisialdiak azeleratu eta areagotu egin dituela prozesu horiek, eta egoerari aurre egiteko gertatzen ari denaren inguruko analisi kritikoa eta emantzipaziorako tresnak behar direla. Testuinguru horretan ulertu behar da Gaitasunak antolatu jardunaldia. "Emakume langileen auzia ez da auzi isolatua, eta emakume langileak subjektu politiko aktibo bihurtzea ezinbestekoa da". Hala, ideia teorikoak eta politikoak mahai-gaineratuko dituen jardunaldia antolatu dute "errealitatearen analisi kritikoa egin ahal izateko, eta gaitasunak garatzeko". Horrekin batera nahi dute emakume langileen problematika klase ikuspegitik ulertzen duten pertsonak elkartzeko espazio bat izatea.

Lau mahai-inguru

Lau mahai-inguruk osatuko dute Gaitasunak antolatu jardunaldia. Lehenengoan emakume langileen egoera aztertuko dute erreprodukzio soziala ardatz hartuta. "Emakumeen emantzipaziorako ideia ezberdinak aztertuko dira perspektiba marxista batetik", azaldu dute.

Bigarren mahai-inguruan etxeko lanen auzia aztertuko dute sektore feminizatu horren atzean ezkutatzen diren egoerez jabe izateko, eta lan banaketa sexualak emakumeen zapalkuntzan betetzen duen funtzioa ulertzeko. "Bertaratuko dira sektoreko horretan lan egiten duen emakume bat, abokatu bat eta eragile sozial bat", aurreratu dute.

Hirugarren mahai-ingurua garbitzaileen mahai-ingurua izango da, eta azken urteetan sektore horretan eman diren borrokak izango dituzte aztergai. Kasu honetan ere sektoreko langileak bertaratuko dira lan baldintzen prekarietatea eta borroken nolakotasuna azaltzeko.

Laugarren eta azken mahai-ingurua krisi kapitalista eta emakume langileen interesen defentsarako aukeren ingurukoa izango da. Eragin ekonomikoak eta politikoak aztertuko dituzte, eta horrekin batera garatutako defentsa mekanismoen nolakotasuna aztertuko dute. Itaiako kideek eta mugimendu sozialistako kideek hartuko dute parte mahai-inguru horretan.

Sarrerak beharko dira

Gaitasunak antolatu jardunaldian osasun neurriak betetzeko konpromisoa agertu dute antolatzaileek. Sarrerak beharko dira parte hartzeko eta laster emango dute horiek eskuratzeko moduen berri sare sozialen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak