Labetik atera berria, Seminarixoko agertokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mai. 14a, 12:05
Alaitz Telletxea, Amaia Oreja, Maixa Lizarribar eta Kristina Solano musikariak. Argazkia: AMAK.

Estreinako diskoa argitaratu du AMAK laukoteak, eta eskuragarri dago formatu fisikoan askotariko dendetan eta baita plataforma digitaletan ere; Seminarixoan aurkeztuko dute bihar, zapatua, 19:00etan, baina agortuta daude sarrerak.

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano trikitilari eta pandero-joleek osatzen dute AMAK taldea. 2018ko Oñatiko trikiti jaialdian elkarrekin parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, eta, harrezkero, kontzertu asko egin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Debagoienean ere.

Estreinako diskoa aurkeztu dute gaur komunikabideen aurrean, eta jendaurrean estreinatuko dute bihar, zapatua, Seminarixoan 19:00etan egingo duten emanaldian.

Xabi Solanoren babesean

Hernaniko Anttonienea estudioan –Xabi Solanoren estudioan– grabatu dute, otsailean hasi eta Aste Santu bitarteko asteburuetan. "Bakoitzaren etxeko eta lan kontuak direla-eta denbora ez zegoen tokitik aterata eta alarma egoerak eragindako trabekin grabatu genuen. Alde horretatik, traba asko izan ditugu, baina guztiak gainditzea lortu dugu", azaldu du Maixa Lizarribarrek, eta zera gaineratu: "Xabi Solano izan da gure ekoizlea, teknikaria, zuzendaria, aholkularia eta gehiago. Ondo jakin du gu gidatzen, eta guretzako luxua izan da baldintza horietan diskoa grabatzea. Kolaborazio batzuk ere izan ditugu; gurekin izan dira Txus Aranburu, Zigor Lezeta, Arkaitz Miner eta Arkaitz Baztarrika".

Zortzi abestitatik sei, berriak

Soinua eta panderoa jotzen dituzte, baina euren saioak ez dira erromeriak, eserita eta lasai entzuteko emanaldiak baizik, eta ezaugarri horiek ditu, Lizarribarren esanetan, argitaratu duten bildumak: "Gure errepertorioan fandangoak, arin-arinak, balsak, kalejirak... daude, eta diskoa bide beretik doa. Zortzi kantu dira; bi izan ezik, gainontzekoak berri-berriak".

36ko gerran fusilatutakoen omenez Olaberriako Olaran elkarteak enkargatutako kantua da aurrez erakutsi izan duten horietako bat, baina, orokorrean, diskoko gaiak "oso emeak" direla gaineratu du. "Gai batzuk bilatuak izan dira, beste batzuk ez hainbeste, baina, denak batera ikusi ditugunean, orokorrean bilduma oso emea dela konturatu gara: emakumea, ama, baserriko emakumea, euskara –hori ere gure ama da...–. Lotura handia dute kantuek elkarren artean".

Bergaran estreinaldia

Proiektua abiatu zutenean Bergarako Udalak egin zien lehen kontratua, eta Seminarixoan abiatuko dute, "ilusioz eta gogotsu", diskoaren aurkezpen kontzertuen bira ere. "Guk nahi baino lehenago heldu zaigu aurkezpenaren data. Martxoan hainbat kontzertu egin genituen, baina aurreko errepertorioarekin, eta kantu-zerrenda osoa aldatzerik ez dugu izan; hortaz, Bergarara errepertorio berria eramango dugu eta udako saioetarako moldaketak egingo dizkiogu gero. Zuzenekoetan dantzari bat izaten da gurekin taularen gainean. Pozik gaude sarrerak agortu egin direlako, nahiz eta lagun asko kanpoan geratu".

Erronka sare sozialetan

Libre izateko eta pentsatzeko eskubidea aldarrikatzen duen Gona gorria kantua aukeratu dute bilduma aurkezteko. "Bideoklipa igo genuenean, sare sozialetan erronka bat abiatzea proposatu ziguten zaleek. Ana Goitia moda adituak eta influencer-ak konpromiso hori bere gain hartu zuen eta gona gorria jantzita ateratako argazkia #Inorkiraindugabe traola erabilita sareratzeko gonbidapena egin zuen. Polita izan da erantzuna eta oraindik ere parte hartzeko aukera duzue".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak