2.172 liztor beltzen erregina harrapatu dituzte Bergarako tranpatze kanpainan

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 6a, 19:43
Erlantz Olabarria tranpa bat eskuartean duela.

Gipuzkoako erlezainen elkarteko kide den Erlantz Olabarriak izan du tranpatzearen ardura eta "kanpaina positiboa" izan dela adierazi du. Bi hilabetez egin izan dituzte halako kanpainak baina oraingoan, Bergaran, hilabetez egin da, eta horregatik are esanguratsuagoak direla emaitzak adierazi dute Udaletik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako kanpaina izan da, Bergarako Udalak sustatutakoa eta Gipuzkoako erlezainen elkartearekin elkarlanean egin dena. Esperientzia pilotua izan da; 50 tranpa jarri zituzten herrian zehar banatuta, "kopuru nahikoa handia" beste kasu batzuekin alderatuta, Olabarriaren ustez. Eta ondoren, astero egin dute tranpa horien jarraipena.

Erlezainak adierazi duenez azaldu duenez, ez zuten uste datu hauek jasoko zirenik hilabete bakarrean. Horretan "lagungarri" izan da Bergarako Udalak leku asko identifikatuta izatea aurretik, udaltzainek egindako lanari esker. Izan ere, liztor beltzek urtez urte kokaleku berberak erabiltzen dituzte apiak kokatzeko. Aurretik identifikatu gabeko fokuetan ere egin dituzte frogak baina emaitzak okerragoak izan direla adierazi dute Udaletik. 

Erleetan izan duen eragin positiboa, erasoa saihestu delako, hemendik hilabete batzuetara ikusiko dela gaineratu dute; Olabariaren ustez, emaitza oso ona izango da "jaso den kopurua kontuan hartuta".

Tranpetan eroritako liztor beltz batzuk.

Elorregin 136 erregina

Erabili diren tranpak komertzialak izan dira, pertsonentzat "kalterik eragiten ez dutenak", eta zuhaitzetan jartzen dira normalean. Liztor beltza erakartzen duen –baina erlea ez– sustantzia bat botatzen dute ontzira eta behin likidoak erakarrita bertan itotzen dira.

Tranpak herrigunean zein auzoetan jarri dituzte. Elorregi auzoan, adibidez, puntu bero bat dagoela jakinarazi dute eta 136 erregina jausi direla bertan. San
Pedroko elizako aterpean, ostera, bat edo bi bakarrik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak