Bergarako EAJtik azaldu dute 2020ko maiatzean egin ziola lehen proposamena gobernuari, eta horien artean ostalaritzari bideratutako diru laguntzak zehaztu zituztela: "Abenduan, berriz, Bergarako Udalak bideratutako diru laguntza urria ikusita, 2021eko aurrekontuetan partida zehatz bat bideratzeko emendakina proposatu zuten jeltzaleek. Eta azkenik otsailean ere beste diru laguntza bat zehazteko proposamena egin genien, baina hau ere ez da aintzat hartu".
Horrez gain, otsailean proposatutakoari jarraiki, herriko taberna eta jatetxeetan "kontsumoa bultzatzeko" bonuak ateratzea proposatu dute jeltzeleek, "Jaurlaritzak egin berri duen moduan".
Terrazen bueltan, malgutasun eske
Terrazen inguruan berriz, malgutasun handiagoa izatea eskatzen dute jeltzaleek: "Arrasaten esaterako, mahai kopurua ezartzeko izugarrizko malgutasuna dago hamasei mahaiko terrazak ere badaude, tokiaren arabera. Bergaran, ordea, gehienez hamar mahai bakarrik jarri ditzakete ostalariek, pandemia aurretik bezala".
Karpak eta estalpeak ezartzeko ere malgutasuna "ezinbestekoa" ikusten dute. Eta horri lotuta, abenduan aurrekontutarako egindako proposamena berreskuratzea eskatzen dute, "hobaria urte amaiera arte luzatzea, alegia".
Ostalariekin elkarlanean
Azkenik, ostalariekin "biltzeko" asmoa dutela adierazi dute, beraien beharrak eta bizipenak entzun eta "elkarlanean jarraitzeko" asmoarekin. "Argi utzi gura dugu lanerako prest gaudela, izan ere, oposiziotik ere posible da ekarpenak eta herriaren aldeko lanketa egitea, eta horretarako prest jarraitzen dugu", esan dute, azkenik.