Julen Arzuaga: "Poliziaren mapa guztiz kaotikoa da, eskumenak nahasten direlako"

Jone Olabarria 2021ko mai. 1a, 10:05

Julen Arzuaga, UNEDeko gela nagusian martitzenean.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuaga abokatua Bergaran izan zen martitzenean, Eredu polizialari buruzko berbaldia egiten UNEDen.

1.000 biztanleko zazpi agenteko ratioa dago Euskal Autonomia Erkidegoan; zerk justifikatzen du hori?

Mendebaldeko Europako ratio polizial handiena da. Gatazka politiko batetik dator eta ez da hori arindu nahi, nahiz eta ratioa egun dugun delituen tasarekin lotu beharko litzatekeen. Poliziaren mapa ere guztiz kaotikoa da, eskumenak nahasten direlako; beste begirada batetik ordenatu behar da. Badaude polizia indar batzuk ez ditugunak behar, ez dutelako inolako rolik jokatzen.

Diozue EAJren mesederako polizia dela egungo ereduaren baitakoa...

EAJk, batez ere, baina baita PSE-EEk beren beharretarako eta interes politikorako eredu bat eraiki dute. Gaur-gaurkoz, sektore batzuekiko departamentuak daukan jarreran nabari daiteke, langileak direla, gazteak direla, ezker abertzaleko edo sektore politizatu batzuekiko jarrera... Funtzionarioen sektore guztiak gizartearen isla dira: hezkuntza, osasungintza... Zergatik, egun, Ertzaintzaren konposizio kulturala, soziala edo politikoa ez da herri honen isla?

Zer arrazoi daude horren atzean?

Hobesten dutelako batzuen sarrera edo profil batzuen sarrera, eta nolabait ixten dutelako beste sektore edo beste profil batzuk sartzea. Nik esaten dizut errazagoa dela Ertzaintzan sartzea Vox-eko bat Ezker abertzaleko bat baino. Eta ez da horrenbeste norberaren borondatea sartzeko edo ez, baizik eta zer azterketa klase eta zer filtro erabiltzen diren.

Eredu hori gainditzeko, guztiz irauli eta berri bat eraiki beharko zen?

Badaude nolabait hiru posibilitate. Bata, abolizionismoa da, hau da, esatea "ez da behar polizia". Eta beste puntuan, horren kontrakoa,  ezer ez aldatzea. Guk erdian kokatu nahi dugu. Seguruenik ez da nahikoa aldatzearekin, beharrezkoa izango zen eraldatzea polizia eredua. Gaur egun ez dago estaturik poliziarik ez daukana. Nolabait behar da segurtasun zerbitzu bat. Baina hor ere bada eztabaida bat, ea bakarrik poliziak egiten duen segurtasuna, edo beste sektore batzuk, beste agentzia batzuk ere egiten duten; suhiltzaileak, babes zibila, emergentziak, osasungintzak,...

Zein da EH Bilduk begi onez ikusten duen eredu poliziala egun?

Bata, eskoziarra da, polizia desarmatu eta ardurak hartzen dituenarekin. Britainia Handiko polizia osoa egon ordez, beharren araberako polizia metropolitanoak egiten dira. Nolabait, udaltzaingoaren figura modukoa dutenak; udaltzaingoa da hemengo gertutasun polizia, jendearekin lan egiten duena, udalak, nolabait, autoritatea ematen dielako, misio bat dutelako. Egon beharko zukeen beste polizia bat goitik, beste funtzio bat betetzen duena, eta hori izango zatekeen kasu honetan Ertzaintza, lan espezializatuagoetarako. Horretarako, piramideari buelta eman behar zaio; pertsonal asko herrietan, gertutasuneko edo lan komunitarioa egiten, eta pertsona gutxiago lan espezializatuetan. Kataluniakoa ere begiz onez ikusten dugu; batez ere, CUPek eta ERCk bultzatutako brigada mugikorraren desegitea. Hemen ere desagertu beharko luke, eta egoera liskartsuetan nola interbenitu aztertu.

Pandemia arrazoi hartuta, uste duzue poliziaren jarrera eta interbentzioek azken urtean agerian utzi dutela eredua agortua dagoela?

Bai, gauza batzuk konfrontaziotik antolatu dira. Nik ulertzen dut oso zaila dela, pandemiaren lehenengo fasean batez ere, baina adibidez horretarako egin den mozal legearen aplikazioa iruditzen zaigu guztiz desegokia. Existitzen dira beste tresna batzuk. Guk pentsatzen dugu punizio gabe beste aurretiko errekurtso batzuk bazeudela, esploratu behar zirenak. Eta ez dugu esaten momentu batzuetan ez denik egin behar, baina joera larregikoa izanda horretara jotzea. Ikusten ari gara azken hilabete hauetan pandemiaren neurrien inguruan oso gertakari liskartsuak eta horiek baretzera jo ordez, ikusten ari gara kudeaketa bortitz edo oldartu batez jo dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak