"Bidaiatzeko gonbidapena", Jesus Mari Lazkanoren erakusketan

Mireia Bikuña 2021ko api. 17a, 10:32
Irune Lazkano, Kristina Markina, Gorka Artola, Jesus Mari Lazkano eta Ainhoa Lete.

Bitakora koadernoa besapean, eta amaren eta alabaren babesean, "pozik eta harro" inauguratu du Jesus Mari Lazkanok Aroztegiko erakusketa. 2013tik 2020ra egindako hamaika lan ipini ditu ikusgai margolari bergararrak. 

Aroztegin sartu ahalaz bat, parez-pare, World Memorial delako margolana ikus daiteke. Luzeran 426 zentimetro eta altueran 182 zentimetro dituen lana. "Koadro handiak ikuslea paisaiaren barruan sartzean ahalbidetzen du", dio egileak, eta zinez, efektu hori lortzen du. Han margotutako itsaso biziak harrapatuko zaituen sentsazioa ematen du margolanak.

Horiek dira Jesus Mari Lazkanoren aurkezpen-gutuneko ezaugarrietako batzuk: margolan handiak,  kolore hotzak eta errealismoa. Margolan batzuek, argazkiak dirudite. "Barrukoa ateratzeko modu bat da. Bidaia mentala eta intelektuala egiteko modu bat da.  Burua zabaldu, jarrera aldatu. Etengabeko bidaian gaudenean, ikuspegia etengabe aldatzen da", azpimarratu du egileak berak.

Jesus Mari Lazkano bere amarekin eta alabarekin, Bergarako erakusketan.

"Ñabardura berriak"

Eta, halako aurkezpenarekin, aho bete hortz utzi ditu Aroztegira hurbildutako lehen herrikideak. "Nik ezagutzen dut Lazkanoren lana. Kolore urdin-berdexka asko erabiltzen du. Baina, erakusketa guztietan, beti daude sorpresak, ñabardura berriak, eta hemen ere topatu ditut. Kolore grisak eta zuriak erabili ditu margolan batzuetan. Halako lanek badute zerbait ikuslearen zentzumena zirikatzen duena. Lazkanok asko erabiltzen duen berba erabiliz, teknikoki "kanpeoia" dela esango nuke. Maila handikoa", esan du Xabier Agirre margolariak.

Itsasoa irudikatzen duen margolan hori da erakusketako pieza handiena, eta Lazkanok proposatzen duen "bidaiaren" erdigunea. "Aitak Artikora egindako bidaia oinarri hartuta antolatu dugu erakusketa. Lan nekeza izan da zein margolan aukeratu erabakitzea. Bazkari-eztabaida asko eduki ditugu aitak eta biok. Baina, emaitzarekin gustura gaude. Erakusketa hau aitaita Joseri omenaldi bat da. Arro egongo litzake semearen erakusketa Bergaran ikusi izan balu", adierazi du Irune Lazkanok, Jesus Mariren alabak eta erakusketaren komisarioak.

45 urte, aurreko erakusketatik

16 urterekin egin zuen bakarkako lehen erakusketa jaioterrian. Ordutik, 45 urte pasa dira, baina, azkenean, herrikideek aukera izango dute margolan entzutetsuak ikusteko aukera. "Guretzat ohorea da halako artista baten margolanak Aroztegin erakustea. Ez da erraza izan, baina, aurretik egindako saiakerek emaitza eman dute. Erakutsitako prestutasunarengatik eskerrak eman gura dizkiot Jesus Mariri", adierazi du Gorka Artola alkateak.

Maiatzaren 23ra arte ikusgai

Lazkano. Bitakora koadernoa delako erakusketa maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:00tara; zapatuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta domekan, 12:00etatik 14:00etara.  Aroztegi aretoaren edukiera 42 lagunekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak