Euskara elkarteen lana eta etorkizuna landuz

Jone Olabarria 2021ko api. 17a, 10:11

Euskara elkarteek egin duten ekarpenaren inguruan jardun zuen Txerra Rodriguezek joan den martitzenean Irizarren. Soziolinguista eta Emun taldeko aholkulariak bere liburua aurkeztu, eta azken 30 urteetako euskara elkarteen jarduna errepasatu zuen.

1987 eta 2017 artean euskara elkarteek euskararen biziberritzean izandako eragina aztertu du Txerra Rodriguez soziolinguistak 30 urte mihigintzan ize-neko doktore tesian. Lau urte eman ditu euskara elkarteak aztertzen; besteak beste, 26 elkarrizketa eta hamabost galdetegi egin ditu. UEUk orain dela gutxi argitaratu du Rodriguezen doktore tesia, eta, hain zuzen ere, galdera hauei erantzuten die egileak: "Zer lortu dute euskara elkarteek azken 30 urteotan? Zer ekarpen egin diote euskararen biziberritzeari?".

"Mila ertz dituen gaia"

Bolumen horretako ikerketarik ez dago aurretik, eta, Rodriguezen arabera, euskara elkarteak aztertu eta horien ekarpenak lantzea "mila ertz dituen gaia" da: "Herri bakoitzean sortu eta daude elkarteak, eta, hortaz, herriari oso lotuak izan dira; egoera soziolinguistiko eta sozialari, orokorrean. Elkarte gehienetan landu diren egitasmo nagusiak eta lan-ildo orokorrak aztertzen saiatu naiz, nahiz eta kontu batzuk kanpoan geratu".

Bergaran ere, 30 urteko bidea

Iaz bete zituen Jardun Euskara Elkarteak 30 urte, eta martitzenean egindako solasaldian ere izan zuten zeresana bertatik urte hauetan guztietan pasa diren herritarrek. Txerra Rodriguezen lanak biltzen dituen pasarte askotan "konplize" izan direla azaldu du Jarduneko Maitane Arizabaletak: "Tesi honetan, elkartean egondako askok bizitako egoera eta pasarteak oso ondo islatzen dira. Hogeita hamar urtean jende asko pasa da elkartetik eta ondo islatzen du euskara elkarteen errealitatea".

Datorrenari aurre egiteko

Etorkizunera begira hainbat erronka identifikatuta dituzte: "Bazkide aktibo gehiago izan nahiko genituzke, kontzientziagatik bazkide egiten diren horiek. Benetan sinisten dutelako euskara elkarteen etorkizunean eta egitekoan. Egun, bazkide asko zerbitzuagatik gerturatzen dira".

"Ilusioa berriz ere piztea"

Euskara elkarteekiko ilusioa berriz ere piztea eta euskara bera agendetara eramatea beharrezkoa dela azaldu du Jardunek, "aurrerantzean elkarlanean oinarrituz aurrera egiteko. Bazkide aktiboak egitea, erronka berriei ekitea eta gaitzak erakartzea eta erabilera gehiago zabaltzea gustatuko litzaiguke, leku guztietara, ilusio eta kontzientzia hori berriz piztea jendartean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak