Jesus Mari Lazkano (margolaria): "Koadro handiak ikuslea paisaiaren barruan sartzea ahalbidetzen du"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko api. 16a, 09:10
Jesus Mari Lazkano margolaria, jaioterriko Aroztegi aretoan duen erakusketan.

Gaurtik maiatzaren 23ra bitartean izango da Bergarako eskarmentu handiko margolariaren Lazkano. Bitakora koadernoa bilduma ikusgai Aroztegi aretoan.

Eskarmentu eta ibilbide handiko margolaria da Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960). Euskal Herriko eta nazioarteko areto garrantzitsu askotan izan dira haren bildumak ikusgai; hala ere, "ilusio bereziarekin" estreinatuko du gaur, egubakoitza, bere jaioterriko Aroztegi aretoan Lazkano. Bitakora koadernoa margolan eta marrazki sorta.

Pozik zaude herrian zure lanak erakusteagatik, eta hala adierazi dizute hainbat herritarrek ere.

Oso pozik nago, bai; izan ere, orain dela 45 urte egin nuen Bergaran nire bakarkako azken erakusketa, eta, dirudienez, jendeak nire lanak herrian ikusteko gogoa du, hainbat lagunek deitu didate-eta erakusketagatik galdezka eta zoriontzen.

Garai hartako erakusketatik ze oroitzapen dituzu?

Oso ondo gogoratzen dut; Eder Gai altzari-dendan izan zen eta jendez lepo egon zen egun guztietan. 16 urte nituen, herrian egiten nuen bakarkako bigarren erakusketa eta azkena izan zen hura; aurretik, Pol Polen aretoan egin nuen beste bat. Bergarako kaleak, baserriak, mendiak, elizak eta paisaiak margotzen nituen, bereziki.

"ORAIN DELA 45 URTE EGIN NUEN BERGARAN AZKEN ERAKUSKETA, ETA OSO OROITZAPEN POLITAK DITUT"

Bilbora joan zinen oso gazte zinela; harrezkero, Bizkaian bizi zara.

Arte Ederrak ikastera joan nintzen, 17 urte nituela, eta Bilbon geratu nintzen; gaur egun, Arteagan bizi naiz.Ordurako, pintura kontuetan eskarmentua zenuen, urteetan herriko margolariengandik asko ikasita. Bergarako margolariak elkartzen ziren txoko bat zegoen hasieran, Zabalotegi dorrean, Seminarixoan ondoren, eta herriko plazako Verduri Hall izenekoan geroago. Han hasi nintzen, 9 urte nituela, marrazten ikasten. Topagune ederra zen, belaunaldi askotako margolariak biltzen ginen. Gogoan dut Agustin Amozarrain, Ugalde, Mari Paz Alustiza eta Abdon Juaristi han ibiltzen zirela, eta geroago sartu ziren Juanjo Altuna, Bingen de Pedro, Manu Muniategiandikoetxea eta beste asko. Margotzen ikasten genuen, bai, baina bizitzari buruz ere asko; irakaspen polita eta aberasgarria izan zen topalekua.

Eta patua edo kasualitatea, baina Verduri Halletik oso gertu dagoen Aroztegi aretoan erakutsiko dituzu zure azken lanak.

[Barre] Hala da, bai, eta sekulako ilusioa egiten dit! Orain dela hiru deitu zidan zinegotzi batek proposamena eginez, eta hasieratik baiezkoa eman nion. Asmoa lehenago egitea zen, baina esku artean beste proiektu batzuk nituen orduan eta aurten egitea adostu genuen. Ekoizpen geldokoa naiz eta denbora behar izaten dut sortzeko. Urtetik ur-terako programazioa lotzen dut; dagoeneko 2022 eta 2023rako hainbat erakusketa ditut lotuta.

Lazkano. Bitakora koadernoa izena du Aroztegikoak. Zer adierazi gura izan duzu?

Erakusketaren oinarrizko ideia bidaia da; bidaia fisikoaz gainera, bidaia mentala ere bai. Artistok errealitatearen beste aurpegi bat erakutsi behar dugu, errealitateari aurre egin ondoren hatutako esperientziarekin beste begirada berri bat ipinita; hortaz, erakusketa bidaia bat da, errealitatea beste modu baten, beste patxada batekin, ikusteko proposamen pertsonala. Mundua nola aldatzen den, guk, gizakiok, nola aldatzen dugun, eta aldaketa horietan dugun erantzukizuna.

"AROZTEGIKO BILDUMAREN IDEIA NAGUSIA BIDAIA DA, BIDAIA FISIKOA ETA BAITA MENTALA ERE"

Paisaiak margotzen dituzu; nora eramango gaituzu oraingoan?

Glaziarrak toki perfektuak dira munduaren aldaketa ikusteko, eta Artikoan egoteko eta margotzeko aukera izan dut; beraz, Artikoko parajeetan, Euskal Herriko itsasoan eta mendietan ibiliko gara. Margotutako mendiak ez dira benetakoak modukoak; izan ere, irudiak puzzle bat bezala muntatzen ditut nik, zatika eraikitzen dut. Adibidez, irudi baten izkina bat Himalaiakoa da, beste izkina bat Pirinioetakoa, beste bat Alpeetakoa... Ditudan erreferentziekin collage bat egin dut.

Zenbat eta ze garaitakoak dira?

Azkeneko sei urteetako lanak erakutsiko ditut. 2014an egin nuen itsasoari buruzko bildumatik abiatuta, harrezkero egindakoak daude. Aretoa ez da handia eta nik formatu handian egiten dut lan; hortaz, hamaika margolan dira, guztira.

Bi, hiru eta lau metroko koadroak dituzu. Zergatik formatu hori?

Mark Rothko margolariak zioen ez dela gauza bera "margo bati begiratzea edo margolanean egotea"; eta margolan baten barruan egoteko bere neurriak behar ditu. Ez da gauza bera metro eta erdiko edo lau metroko koadro baten aurrean egotea. Paisaia barruan sentitzeko halako neurriak behar dituzu. Baditut handiagoak ere, zortzi metrokoa, baina ez da sartzen.

Teknikari dagokionez, zelakoak?

Gehienak akrilikoa telaren gainean margotutakoak, eta badaude pastela edo arkatza paper gainean marraztutakoak ere, bi metroko bat eta bi piezakoa horien artean.

Irune Lazkano eta Jesus Mari Lazkano Aroztegi aretoan.

Irune, zure alaba, da erakusketako komisarioa. Pozik?

Plazera da niretzako. Nire lana oso ondo ezagutzen du, estudioan hazi da. Berarentzako oso naturala da, bidaia gehienak familia osoak batera egiten ditugu. Eta zer margotzen dudan ezagutzeaz gain, badaki zer pentsatzen eta zer irakurtzen dudan, liburuak eta erreferentzia bibliografikoak elkar partekatzen ditugu eta asko hitz egiten dugu. Bilboko Alondegian egiten du lan, eta, horrez gain, beste ikuspegi edo erreferentzia batzuk ditu, beste belaunaldi batekoa da... Nahasketa hori beti ona izaten da.

Ondo moldatu zarete?

Oso ondo! Berak egin du dena: koadroen aukeraketa, aretoa ikusi eta gero berak erabaki du zer eta non jarri... Ni ikusle bat izan naiz, bera da erakusketan agintzen duena.

Beragan konfiantza duzulako.

Noski! Normalean, ni izaten naiz komisarioa, edo, bestela, oso ondo ezagutzen dudan lagunen bat; esaterako, Javier Gonzalez de Duranarekin urte askoan egin dut lan, baina, oraingoan, beste belaunaldi bat sartu gura nuen, eta Irune aproposa da. Hainbat erakusketatan kolaboratu izan du, baina lehenengo aldia du komisario.

Erakusketaren katalogoa atera duzue; ze garrantzi du katalogoak?

Oso garrantzitsuak dira katalogoak. Zure lanak erakusteko beste modu bat da; erakusketak epe zehatz bat izaten du eta gura duten denek ez dute joateko aukerarik. Katalogoa oso aukera ona da ez bakarrik koadroak erakusteko, zure ideiak, testuak, bozetoak... erakusteko ere bai. Katalogoari ikuspegi pedagogikoa ematea gustatzen zait, beste gauza batzuk azaldu eta erakutsi ahal dituzulako zabalago. Gauzak bere testuinguruan ipintzeko tresna ona da.

Zer jasotzen du honako honek?

Galeria txikia da eta ezin izan ditugu gura beste margolan era-man, eta katalogoak margolan gehiago, koadernoetako marrazkiak, apunteak, testuak... erakusteko aukera eman digu.

Aroztegira sartu eta zein gomendio emango diguzu erakusketa ikusteko?

Ez dago instrukziorik, intuizioaren bidez mugitu behar da ikuslea. Ez dago pieza nagusirik, bakoitzak aukeratuko du nondik eta zelan ikusi, eta zein den pieza politena, interesgarriena, deserosoena... Ez dago jarraitzeko markatutako biderik. Nire lana amaitu da; orain, publikoaren unea da, eta nik ezin dut ezer esan horri buruz.

Erretiroa hartuta zaude, baina irakasle izan zara 37 urtean EHUko Arte Ederren Fakultatean. Zelako esperientzia izan da?

Oso aberatsa! Urte horietan belaunaldi asko pasatu dira eta bakoitzak bere zalantzak eta erronkak ditu, eta ibilbide horretan egotea pribilegioa izan da. Niretzako inportanteena izan da artea eta pedagogia batera egitea; izan ere, irakaslea naiz, baina egilea ere bai, eta, ikasleek bezala, nik ere sufritu egiten dut lan berri bat sortzen ari naizenean, eta oso ondo ulertzen ditut zalantza horiek. Gustura egon naiz eta prozesu pertsonalerako ere asko ikasi dut.

Zure eskuetatik pasatu diren artista horiei begiratuta, zelako euskal pintore belaunaldia dator?

Beti esan dut gazteak gu baino hobeak izango direla. Ezberdinak izango dira eta proiektu ezberdinak sortuko dituzte, seguru asko, energiaz beteta egongo direla, eta, horregatik, ahalik eta gehien lagundu behar da. Museo eta arte zentro asko ditugu Euskal Herrian, eta uste dut gazteak gu baino hobeak izango direla, nahiz eta denbora pasatu behar den ikusi ahal izateko. Artista onak beti egon dira hemen, baina mantentzea ez da erraza. Sormen eta asmo aldetik Euskal Herria top da.

"LIBURU BAT IDAZTEN ARI NAIZ; IDAZTEAK IDEIAK ORDENATZEN ETA MARGOTZEN LAGUNTZEN DIT"

Topera ari zara beste lan batzuekin. Aurreratu dezakezu zertan ari zaren?"

Margotzen eta asko idazten ari naiz. Liburu bat argitaratzeko asmoa dut, baina bere erritmoan doa hori ere. Nire proiektuak oso luzeak izaten dira beti. Asko gustatzen zait idaztea; pentsamendua ordenatzeko modu bat da niretzat, eta hobeto margotzen laguntzen dit idazteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak