Felipe Zuñiga 'gerrako umeari' aitortza egin diote Intxorta 1937 elkarteak eta Bergarako Udalak

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 7a, 11:44
Felipe Zuñiga oroigarria jasotzen. Argazkia: Bergarako Udala.

Iñigo Arregi artistak egindako Egiaren iturria oroigarria eta Bergarako alkateak idatzitako gutuna jaso zituen atzo Zuñigak, Vianako erresidentzian.

Apirilaren 23an egingo zaie Bergarako Seminarixoan herriko 'Gerrako umeei' omenaldia, eta Felipe Zuñiga Sanchezek, ordea, ezin izango du ekitaldian parte hartu, Vianako erresidentzian bizi baita. Horregatik, atzo, Intxorta 1937 elkarteko ordezkariek bertara eraman zizkioten Iñigo Arregi artistak egindako oroigarria eta Bergarako alkateak idatzitako gutuna. "Ilusio handiz jaso ditu Zuñigak bisita eta oroigarria", Bergarako Udalak azaldu duenez.

Felipe Zuñigaren aita feriatan aritzen zen lanean eta harekin ibiltzen zen udako festetan herriz herri. Kolpea hasi zenean, aita eta bi anaia Nafarroan zituen eta bera Bergaran zegoela alde egin zuen Errusiara bidean. Santurtziko portuan Habana itsasontzian sartu eta Bordelera eraman zuten 14 urte zituela. Felipek 12 urte zituela esan zuen Sobietar Batasunera joan ahal izateko. Bordelen beste itsasontzi bat hartu zuen Leningradora zihoana, eta oso harrera beroa egin zieten bertan. Gosea izan arren, lehenengo desparasitatu egin zituzten haurrak eta euren arropak erre. Kabiarra eman zieten jateko. Jarson herrira eraman zituzten gero.

1941eko ekainaren 22an, SESBera heldu zirenetik 4 urte betetzen zirenean, naziak sartu ziren, Stalin eta Hitlerrek sinatuta zuten paktua hautsiz. Ihes egin behar izan zuen orduan beste norabait. Ordura arteko bizimodu ona dezente kaskartu zitzaien haurrei: ihesa, gosea, hotza... Gerran parte hartzetik libratu zen Zuñiga Habana barkuan 12 urte zituela esan zuelako, gerrarako adina baitzuen ordurako. 1956an Espainiara joan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak