Euskal Herri osoko askotariko artistak batu ditu bi ordu eta erdi inguru iraun duen ekitaldiak. Aristegik berak egin ditu aurkezle lanak eta Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek eman diote hasiera saioari. Ondoren, Olaso Dorrea Fundazioko zuzendari Urko Aiartzak hartu du hitza, Monzonen bizitzari errepaso bat egin eta hark egin zuen ekarpena gogoan hartuz –haren testu zati batzuk ere irakurri ditu–.
Bergarako hainbat musikari gaztek ere zenbait kantu eskaini dituzte, orfeoiko kide batzuekin batera eta Moises Azpiazu Dantza Taldeko eta Bergarako Musika Eskolako dantzariek jarraitu dute gero.
La Basu, Chill Mafia eta Brigade Locok hartu dute dantzarien erreleboa, ordura arte nahiko bare zegoen publikoaren zati handi bat aztoratuz, eta bi bertsolariek eman diote amaiera arratsaldeari. Bitarte horretan, gainera, Iñaki Aldazabal eta Jon Leibar Txinbo Txiki marrazkilari eta grafiti-egileek mural bat marraztu dute.
Monzonen memoria galdu ez dadin
"Herriaren alde lan egin izan zuen beti eta bere amets nagusietako bat zen Euskal Herriko zazpi lurraldeak batuta ikustea. Euskal Herriaren metafora gisa lorontzia erabiltzen zuen, eta guk ere metafora horri heldu gura izan diogu. Beraz, Euskal Herri osoko artistak ekarri gura izan ditugu, ekitaldi kultural eta politiko bat eginez, bere memoria galdu ez dadin eta belaunaldi gazteek Monzonen berri izan dezaten", azaldu du Aristegik.
Halaber, Aiartzak azpimarratu du balio handia daukala herriak berak antolatu izana Monzonen omenezko ekitaldia. "Bat egiten du bere ideiekin eta jardunarekin, herria bide eta helburu izan baitzuen". Artista gazteak nagusitu dira gaurkoan eta horrekin ere "harro" egongo litzateke Monzon, Aiartzaren esanetan. "Beti erakutsi izan zuen belaunaldi berriekiko kezka, askatasun borrokaren katebegiak ez zitezen eten eta pozik egongo litzateke artista gazte hauek guztiak agertokian ikusi izan balitu".