Bizipoza eta elkartasuna, mundu berri baterako tresna gisa ulertuta

Maialen Santos 2021ko mar. 14a, 16:11

Bizipozaren Jaia ospatu dute asteburu honetan Bergaran, eta haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteak batu ditu festak. Zapatuan, Mundu berri bat guztiontzat aurkezpen ekitaldia egin zuten, eta domekan, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten bergararrek. 

Irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da Bizipoza, izaera bereziko gaiak landu eta haurren eta familien ongizatea helburu duten 35 elkartek osatzen dutena. Aniztasuna bistaratzeko asmoz, ekintza ugari egiten dihardute martxoan barrena Debagoienean, eta asteburu honetan egin dute Bizipozaren Jaia.

Aurkezpena eta testigantzak

Zapatuan eman zioten hasiera ekintzaz betetako asteburuari. Mundu berri bat guztiontzat ekitaldia egin zuten eta izen bera daukan proiektua aurkeztu zuten. Bizipoza elkartea osatzen duten elkarte batzuek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitatea erakutsi zuten, kantu eta bideoklipen bitartez, eta elkarteetako ordezkarien testigantzak ere ez ziren falta izan. Oporrak bakean elkarteak, Aspanogik, Aspanifek eta Gehituk hartu zuten parte ekitaldian. Bestetik, Ndank Ndank elkartea antolakuntzan aritu zen, Bergarako Udala, Jardun Elkartea eta Bizipoza elkartearekin batera.

Ekitaldi amaieran, gainera, Indai talde bergararrak emanalditxoa eskaini zuen.

'Mundu Berri bat guztiontzat' ekitaldiko une bat.

Horren aurretik, janari senegaldarrean oinarritutako bazkari birtuala ere egin zuten. Osasun krisia medio, nor bere etxean aritu zen sukaldean, eta horren inguruko bideo eta argazkiak elkarbanatzeko aukera izan zuten. 

Pailazoak lagun

Domekan, bestetik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots euskal pailazoen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten elkarteetako ordezkari zein Bergarako herritarrek. Elkarte bakoitzeko ordezkariak banan-bana igo ziren agertoki gainera, ikus-entzuleei euren jardunaren berri eman eta horren ostean, pailazoekin batera kantuan eta dantzan egitera. Haur eta guraso dantzan jarri zituzten pailazoek, eta umorea eta elkartasun keinuak ez ziren falta izan. 

Pirritx, Mindara elkarteko kideekin batera, agertokian.

Hori gutxi balitz, datozen egunetan ere aurrera jarraituko du Bizipoza Jaiak, izan ere, Bergarako ikastetxeetan tailer ezberdinak landuko dituzte, eta Bizipoza Trivialean jokatzeko aukera ere egongo da. 

Elkarteen lanari "aitortza"

Gorka Artola Bergarako alkateak adierazi du elkarteek egiten duten lana "bistaratu" eta horri "aitortza" egiteko balio izan duela Bizipoza Jaiak. "Askotan isilpean egiten dute lana, txikitik eta nork berea eginez, baina horrek sekulako ekarpena egiten dio gizarteari", adierazi du. Eta gaineratu du, garrantzitsua dela jendeak mundu inklusibo baten alde lanean jarrai dezan: "Bizipozak sekulako poza transmititu digu hasieratik, eta hori da elkartea osatzen duten norbanako guztiek erakusten dutena". 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak