Libe Goñi: "Ipar eta Hego Euskal Herriko sasimuga guk eraikitzen dugu"

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 15a, 17:22

Seaska ikastolako sortzaileetako bat da, eta berriki Monzon-Ganuza saria jaso du. 1969az geroztik buru-belarri aritu da Ipar Euskal Herriko haurrek euskaraz ikas dezaten lanean; isilpeko lan horri esker jaso du Olaso Dorrea fundazioaren aitortza.

Asteartean jaso zuen saria, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldi hunkigarrian.

Isilpean eta foku mediatikoetatik kanpo lan handia egindakoa zara. Nola hartu zenuen saria jasotzeko zure izendapena?

Harriduraz hartu nuen, ez bainago batere ohituta era honetako omenaldietako erdigune izatera. Ikastolak nonahi zabaldu behar genituela oso garbi izan genuen garai hartako hainbat irakaslek, eta ni horietako bat gehiago besterik ez naiz izan. Nire ustez, ez dut ezer berezirik egin, nire gogoa eta nire bihotza jarraitzea, besterik ez.

Nori eskaintzen diozu saria?

Beti alboan izan ditudan galtzagorriei eskaintzen diet. Seaska sortzeko eta garatzeko ezinbestekoak izan diren guraso horiek izendatzeko erabiltzen dut galtzagorri hitza. Beti egon dira lanerako prest, beti nire alboan, eta euren bultzada hori gabe Seaskak ez luke aurrera egingo.

Monzon-Ganuza hitzak entzutean zer datorkizu burura? Eduki zenuen eurekin harremanik?

Urruñan ikusi nuen Telesforo Monzon lehen aldiz. Gogoan dut amarekin joan nintzela, eta Bertsolari Eguna zela. Hizlari handia zela gogoratzen dut, karisma handikoa. Diskurtso txiki bat eman zuen, eta oraindik gogoratzen dut. Euskal Herria arrainez beteriko erreka bat zela zioen, eta arrantzaleak genituela alde batean eta bestean amua botatzen. Saria jasoko nuela esan zidatenean, hori guztiori etorri zitzaidan burura.

Euskal Herriko hizkuntzak hiru dira, eta ingelesa ez da horietako bat. Hirurak irakatsi ezean ez gara nazio bat izango

Telesforo Monzonek hitzaldi famatu batean utopikoak hitza erabili zuen. Eta zure ibilbidean hainbat utopia egia bihurtu izan dituzu...

Bihurtu ditut, ez. Bihurtu ditugu. Sukalde batean haur gutxi batzuei eskolak ematen hasi eta gaur egun martxan dagoen ikastolen sarea lortu izana utopia bat zen; baina lortu genuen. Olentzeroren kultura Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hedatzea utopia zen, eta lortu genuen. Gogoratzen dut Gallastegik, galtzagorri maitagarri horietako batek, bere poltsikotik erosten zituela opariak eta Olentzero mozorroa jantzi, eta hark banatzen zizkiela haurrei. Eta horrela beste hainbat utopia.

Libe Goñi, Bergarako Seminarixoan jasotako omendaldiko une batean. (Argazkia: Jokin Bereziartua)

Zein, adibidez?

Arrangoitzeko festetan inork ez zuen dantzarik egiten; pixkana, euskal dantzak irakasten hasi ginen. Handik sortu zen Elaia taldea, eta haiek izan ziren eskola frantsesen barnean euskal dantzak irakasten hasi zirenak.

1969an heldu zinen Ipar Euskal Herrira, Guardia Zibila atzetik zenuela. Zuen etxean errepresioa zer den bizi izan duzue...

Gogoan dut txapeloker horiek etxera etorri zirela nire bila, eta amak esan zidan: "Alde hemendik, haien atzaparretan eroriz gero, torturak jasango dituzu eta". Nire lehengusu Mikel Zabaltzak ez zuen horrenbesteko zorterik izan, eta, torturatzeaz gain, hil egin zuten. Baina badaude torturatuak izan arren bizirik irtetea lortu dutenak. Ezin dezakegu ahaztu horietako asko barnetik hilda daudela, eta torturak pairatzea heriotza bezalakoa dela askorentzat. Errepresioa hitzarekin oso perspektiba laburra dugula iruditzen zait. Eskoletan eta komunikabidetan badirudi dena ETArekin hasi zela, baina ez gaitezen engainatu. Nik 74 urte ditut eta ondo dakit askoz sorburu zaharragoa duela gatazka honek: 1936ko gerra, gerra osteko diktadura... Eurite haietatik, halako lokatzak. Eta sentsazioa dut hori guztiori ahaztu egiten dugula. Sufrimenduak alde guztietan egon dira eta hori aitortu beharra dago. Baina historia ondo azaldu behar da.

Hitz hartzean, Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko muga bukatzeaz hitz egin zenuen. Badago zer egin?

Lan handiena euskaldun buruetan egin behar da, guk eraikitzen baitugu ipar-hego sasimuga hori. Hizkuntzena da horren adibide garbi bat. Hegoaldeko ikastolek, adibidez, euskara, gaztelera eta ingelesa erakusten dute, eta Iparraldekoek euskara, frantsesa eta ingelesa. Baina Euskal Herriko hizkuntzak hiru dira, eta ingelesa ez da horietako bat. Hirurak irakatsi ezean ez gara nazio bat izango.

Ipar Euskal Herrian norbait euskaraz mintzatzen entzuten duzun bakoitzean zer sentitzen duzu?

Poz ikaragarria. Badaude txoferrak euskaldun aurpegia dutenak, baina "egun on!" esan eta "bonjour!" erantzuten dizute. Aldiz, kanpotar itxura duen bati "egun on!" esan eta "baita zuri ere!" erantzuten didanean, esaten dut nire barnean: "Biba zu!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak