Irakatsitakoari buelta eman nahi dion bilduma

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 27a, 10:00
Joxan Iza eskultorea eta margolaria eta Gorka Salmeron argazkilaria Agerkunderako gunea erakusketan. Argazkia: Gorka Salmeron.

Joxan Iza eskarmentu handiko eskultore eta margolari bergararrak eta Legazpiko Gorka Salmeron argazkilariak ikonografia kristauaren inguruan egindako interpretazio pertsonala jaso dute Donostiako D' Museoko Agerkunderako gunea erakusketan.

Sortzaile bakoitzak urteetan zehar egin dituen lanen aukeraketa bat egin du, eta hala osatu dute –artista biek elkarrekin estreinakoz– Donostiako Elizbarrutiko museoan ikusgai duten bilduma. Guztira, 70 lan daude, askotariko diziplinetakoak: argazkiak, margolanak, grabatuak, eskulturak...

Maiatza bitartean izango da Agerkunderako gunea izena duen erakusketaraino hurbiltzeko aukera. Astelehenetik egubakoitzera 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 18:00etara, zapatuan arratsaldez dago zabalik eta domeketan itxita dago museoa.

JOXAN IZAREN ETA GORKA SALMERONEN IKONOGRAFIA KRISTAUARI BURUZKO BILDUMA, DONOSTIAN

Estreinakoz, elkarrekin bilduma

Oñatiko gaztelekuko arduradun zen Patxi Hipolitoren bidez ezagutu zuten elkar orain dela urte asko Izak eta Salmeronek. Honela kontatu du Bergarakoak: "Hipolito zenak aurkeztu gintuen, eta harreman oso ona dugu. Erakusketa bat dudanean, Salmeronek ateratzen dizkit katalogorako edo beste zerbaitetarako behar ditudan argazkiak. Halako batean, nire tailerrera etorri zen eta plaka elektrikoekin osatutako Kristo gurutzatu bat ikusi zuen; izugarri gustatu zitzaion, eta elkarrekin zerbait egiteko amua bota zidan. Edorta Kortadi D' Museoko zuzendariarekin berba egin zuen Salmeronek gero, hari proposamen interesgarria iruditu zitzaion, eta orain dela urte eta erdi hasi ginen erakusketa osatzen. Bidean, Mikel Babiano urretxuarra batu zaigu proiektura. Irakaskuntzan, itzulpengintzan eta ikerketan aritzen da, batik bat. Fenomeno hutsa da, eta maisutasunez idatzi ditu katalogoko testuak".

Joxan Iza margolaria eta eskultorea Agerkunderako gunea erakusketan duen lan batekin. Argazkia: G. S.

Pentsarazteko asmoz"

Edorta Kortadi D' Museoko zuzendariaren esanetan, "museoko erabiltzaileei kontzeptu erlijiosoak adierazteko beste modu bat existitzen dela erakustea da erakusketaren helburua". Eta zera gaineratu du Izak: "Erlijio sinbologia handia dago, eta horiek interpretatzeko hainbat modu daude. Guk gure irakurketa egin dugu, sinbologia horrekin errespetuz, jolastuz. Argiaren indarra eta garrantzia nabarmena da bilduman; onaren eta txarraren arteko dikotomia ere planteatzen dugu".

Bi gelatan banatuta, batetik, autore bakoitzaren obrak daudela dio Izak: "Argazkiak eta muntaiak dira Gorkarenak, horien artean, bere neska-lagun ohiari egin zion erretratu bitxia. Nireak askotarikoak dira: formatu handiko margolanak eta panpina itxurako eskultura batzuk ere bai. Bion artean egin dugun lan bat ere badago: sagardo botilen eskultura".

Gorka Salmeron argazkilaria Agerkunderako gunea erakusketan duen lan batekin. Argazkia: G. S.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak