Ortu komunitarioen gaineko partaidetza prozesua irekitzea eskatu du Bergarako EAJk

Hasier Larrea 2021ko ots. 25a, 17:45

Momentu honetan Udal gobernuak proiektua San Joxepe inguruan edo Bolun luizia egon zen aldaparen alboan garatzea aurreikusten du. EAJk "egokiago" ikusten du bigarren aukera, proiektuak luiziak eragindako kalteak erreparatzeko ere balioko lukeelakoan.

Bergarako EAJk begi onez ikusten dut herritarrentzako udal esparruetan ortu ludikoak eskaintzeko ekimena. Momentu honetan Udalak proiektua San Joxepe inguruan edo Bolun luizia egon zen aldaparen alboan garatzea aurreikusten du. EAJk egokiago ikusten du bigarren aukera, proiektuak luiziak eragindako kalteak erreparatzeko ere balioko lukeelakoan. Ikuspuntu agronomo batetik "baldintza egokiak" aurkezten dituela nabarmentzeaz gain, Boluko lursailak "mugikortasun aldetik ere abantailak" dituela nabarmendu du Elena Lete zinegotziak.

Boluko ortuen proiektua bi fasetan gauzatuko litzakeela aipatu dute jeltzaleek. Lehenengoan 50-60 partzela inguru jartzea aurreikusten dute, esperientzia probatzeko, eta 153.000 €ko aurrekontua izango luke. Bigarrenean osatuko lukete proiektua bere osotasunean, nahiz eta fase hau egitea derrigorrezkoa izango ez litzakeen. Kasu honetan beste 122.000 euro inbertitzea aurreikusten dute. San Joxepeko proiektuak, bestalde, 169.000 euroko aurrekontua zuen 2015ean, ondorioz, eguneratu beharko litzakeela aipatu dute.

Eskaera Udal gobernuari

Ortu komunitarioen gaiari heltzeko herritarrekin parte hartze prozesu bat irekitzea nahi du EAJk, eta horretarako Udal Gobernuari eskatu dio herritarren iritziak kontuan hartzeko.  Gorka Artola alkateak "elikadura subiraultzan oinarritutako ortu eredu baten alde egiteko nahia" nabarmendu du, Boluko proiektuari "aterik itxi gabe". Momentu honetan "gaiaren lanketarekin jartzea" tokatzen dela gaineratu du Artolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak