Zapia egiten laguntzeko dei egin dute Martxanterek biharko

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 12a, 12:18

Iaz, Martxoaren 8an Bergaran egindako kale agerraldia.

Emakume Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzak aurrera doaz, eta Debagoienean otsailaren 20a izango da egun esanguratsua. Egun horretan bailaratik pasako da karabana, eta herri bakoitzeko ordezkariek aurretik landutako gai eta lelo propioekin egindako zapiak batuko dituzte karabanara.

Hala, Martxanterek biharko, zapatua, egin dute deialdia. Goizean, 10:30ean batuko dira, San Martin plazan, zapi handi bat egiteko. "Guk erabakitako leloa izango duen zapia egitea da asmoa, koloreztatzea, jostea... Eta, bitartean, Mundu Martxaren bosgarren edizio honetarako prestatu duten dosierraren irakurraldi kolektiboa egingo dugu", adierazi dio GOIENAri Maite Aristegik.

Biharko ekitaldia ez da, baina, hor amaituko, zapia egin eta gero, 12:00etan, pentsiodunen aldarrikapenekin bat egiteko kale agerraldira batuko dira eta: "Hori ere emakumeon borroka delako, duintasunaren aldeko borroka delako eta uste dugulako hor ere indarrak batu egin behar direla. Hala, aldarrikapen horretara batzeko eskaera egiten diegu herritarrei".

Transnazionalak, eta mugak

Emakume Mundu Martxaren bosgarren edizio honetan, transnazionalak, mugak eta migraziopolitikak salatu nahi dituzte: "Sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna izateaz gain, pertsona migratzaileen zein jatorrizko lurraldeetan daudenen bizitzak zapaltzen dituztelako". Hain zuzen ere, aurtengo martxaren leloa izango da Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!

Mugak eta zubiak, sinbolo

Bosgarren edizio honetan aukeratu dituzten sinboloen gainean egin du berba Aristegik: "Mugek pertsona moduan eragiten gaituzte, eta herri moduan ere mugek mozketa dakarte. Hala, atzerritarrei buruzko legeak berak ezartzen dituen mugak nabarmendu nahi ditugu, pertsonei eurei duintasunez bizi daitezen zelako trabak jartzen dien lege horrek. Horregatik nahi ditugu muga horiek apurtu. Eta bestalde, zubiek laguntzen dute elkartzen, batzen. Baina batuketa hori maila berean dauden pertsonen artean egin behar da, eta horregatik borrokatu behar da denon eskubideen alde, dauden mugak gainditu behar ditugu, zubiak eraikiz", dio Aristegik.

Lan horretan, Martxanteretako kideak garbi dauka norbanako bakoitzak egin behar duela bere ekarpena, borroka besteen esku utzi batik, eta transnazionalen gainean egin du berba: "Eurak dira mundu mailako ekonomian agintzen dutenak, sekulako bitartekoak dituzte. Hala, aurtengo Emakume Mundu Martxan transnazionalak berbagai izan ditugu, eta sistema horrek emakumeongan duen eraginaz jabetzea garrantzitsua da. Horregatik diot, borroka kolektiboaz harago uste dut norbanako moduan jabetu behar dugula gure borroka pertsonalak ere eragina duela, herri bakoitzak badituelako erremintak transnazionalei aurre egiteko, eta otsailaren 20an etorriko den karabana honen bitartez horiek azaleratu nahi ditugu. Bakoitzak bere herrian, bertako botere publikoekin, administrazioarekin... posible da transnazionalei aurre egitea".

Herri bakoitzak lanketa propioa

Ekimen global horren aurrean herri bakoitzak gai konkretu baten jarriko du fokua, eta Bergaran aukeratu dutena zein den azaldu du Aristegik: "Arrazismoa aukeratu dugu, eta horren aurrean hartzen dugun jarrera. Bistaratu nahi duguna da karitatea edo limosna ematea ez dela soluzioa. Arrazismoari aurre egiten zaio lan kontratuak bermatuz, edota hutsik ditugun etxebizitzak kanpotarrei errentan emanez. Eta lelo horrekin egingo dugu Bergaran zapia, ondoren, beste herri batzuetan egingo dituzten zapiekin batera karabanara batuko dena". Hala, hilaren 20ko karabanaren azken geltokia Eskoriatza izango da: "Han izango da azken ekitaldia, eta, gauden egoera dela eta, xumea izango da".

Hitzorduak, M8a aurretik

Hauek dira aurreikusita dituzten hurrengo hitzorduak Bergaran: otsailaren 17an, arrazismoari buruzko online formakuntza irekia egingo dute –Euskal Herri mailakoa–. Otsailaren 20an, bergararrak Debagoienetik pasako den karabana ekintzara batuko dira. Martxoaren 6an, herriz herri doan karabana Irunera iritsiko da, eta Irun eta Hendaia arteko mugan amaituko dute ekintza hori. Eta Martxoaren 8an, kale agerraldia egingo dute Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak