Udaletik azaldu dutenez, Euskara Zerbitzutik harago doa ekimena eta jatorria du 2020ko Euskaraldiaren baitan Udaleko langile batzuk euren buruari egindako galderan: "Egunero egiten dugunaz harago, zer gehiago egin dezakegu?". Oraindik zer egina bazegoela ondorioztatuz, hitanoari eutsi zioten.
Egoera bitxiak eta berriak bizitzen ari direla aitortzen dute parte hartzaileek; Ahobizi rola izatetik, une honetan, hitanoa praktikatzeko orduan Belarriprest izatera pasa dira batzuk. Bestela Belarriprest diren pertsona horiek ulertzeko eta enpatia handitzeko baliagarria izaten ari da ekimen hau.
Hitanoa berreskuratzea, azken helburu
Ekimen honen bitartez, hika jarduteko ohitura berreskuratzen lagundu nahi da. Nahi horri erantzunez, langileetako batzuk parte hartu izan dute euskaltegian eskaintzen diren ikastaroetan eta hori praktikan jartzeko modua da udaletxean bertan hitanoa praktikatzeko konpromisoa hartu izana. Laguntzarako hainbat material erabiltzen dituzte, gaitasun gutxiagoa duenak ere baliabideak eskura izan ditzan.
Herrian ere Hikalagun taldeak sortzeko ekimena abiatu da, beraz, non eta zeinekin praktikatu egongo da aurrerantzean.