Iñigo Igartua: "Van Aerten eta Van der Poelen lehiak hauspotu du ziklo-krosa"

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 5a, 15:36

Superprestigio proba batean euskal ziklisten artean postu onena egin izanaren errekorra du Bergarakoak; Espainian, Felipe Orts iritsi da orain parera. Munduko ziklo-kros txapelketa jokatu duten honetan, bergararrarekin izan da GOIENA.

Domeka goiza urduritasun puntuarekin pasa zuen Iñigo Igartuak (Bergara, 52 urte). Munduko ziklo-kros txapelketa jokoan dagoen bakoitzean gertatzen zaio. Ordu gutxian, 15:00etan, Flandriako mendebaldean dagoen Ostendeko hondartzak azken hamarkadetako ziklo-kros lehia handienetako baten testigu izan behar zuen, nahiz eta, egiari zor, lasterketan, zulatuak eta erorikoak tarteko, borroka ez zen horren estua izan. Hondartza hotz hartako harean, ziklista guztien artean, aurreikuspenak bete eta bi oilar nabarmendu ziren, errepidean izar bilakatu diren Mathieu van der Poel eta Wout van Aert. Hala, lasterketa ikusten, Igartuari duela 30 urteko irudiak etorri zitzaizkion gogora, bizikleta dendako muralean ondo gordetzen dituenak; izan ere, Ostendeko harea horren gainean lehiatu zen bergararra 1992an. Eta zortzigarren geratu zen.

Herbehereetako ziklo-kroseko maisuen kontra lehiatzea zer den dakien batek nola bizi du munduko txapelketa?

Urduritasun puntuarekin, hitzorduarekin adi, lasterketa ze telebista katetan emango duten begiratzen... Munduko txapelketa egun bakarreko lasterketa izaten da, eta sekulako ikusmina pizten duen hitzordua da.

Lasterketak bi faborito garbi zituen, Mathieu van der Poel eta Wout van Aert, eta pronostikoak bete egin ziren, bien arteko lehia izan zen.

Bai; denboraldian zehar garaipenak bien artean banatu dituzte, nahiz eta Van der Poelek lasterketa gehiago irabazi dituen. Beste maila batean, baina Pidcock [Thomas] ere faboritoen taldean sartzen zuten. Baina pronostikoak bete egin ziren, bai.

Bi horiek dira ziklismozaleak ziklokrosa jarraitzen hastearen errudun?

Esango nuke baietz, eta sekulako meritua dute, gainera. Eurak ziklo-krosetik iritsi dira errepidera, eta, hala ere, ez dute ziklokrosa bazterrean uzteko asmorik. Chapeau eurengatik. Izan ere, ez da erraza. Denboraldiko prestakuntza beste modu batean egin beharko dute, barneratuta dute ziklo-kroseko denboraldia eginda min hartzeko aukerak dituztela eta errepideko lasterketa handiak arriskuan jarri, baina euren taldeei garbi utzi diete eurek ziklo-krosa egiteko asmoa daukatela. Eta gero, errepideko munduko lasterketa handienetan aurrean ibiltzeko kapaz dira, onenekin batera.

Zeu ere Ostenden lehian ibilitakoa zara. Zer iruditu zitzaizun zirkuitua?

Asko gustatu zitzaidan, hondartzako tramuak, malda handia zuten zubi artifizialak... Hareazko zatietan ezinbestekoa zen abiadurarekin sartzea, ahalik eta metro gehien bizikleta gainean egiteko. Bazituen korrika egin beharreko tramuak, eta, hala ere, proba azkarra izan zen.

"ZIKLO-KROSA BATERAGARRIA DA ERREPIDEKO ZIKLISMOAREKIN, PISTA BEZALA"

Duela 30 urte, zuen garaiko zirkuituak ere halakoak ziren?

Ostendeko proban, 1992an, guk ere hareazko tramuak izan genituen, baina zirkuitua ez zegoen hondartzan. Gure belaunaldian hasi ziren zirkuitu azkarren aldeko apustua egiten, Yurrebasoren [Jose Maria] eta Maioraren [Iñaki] sasoian zirkuitu gogorragoak egiten zituzten.

Zure kasuan, Iñigo, zelan iritsi zinen ziklo-krosera?

Umetatik gustatu izan zait bizikletan ibiltzea, eta baita mendian gora eta behera korrika ibiltzea ere. Kontrara, errepideko bizikletarekin egin beharreko ordu askoko entrenamenduak luzeak egiten zitzaizkidan, aspertu egiten nintzen. Eta hor ere egin nuen bidea, gazte mailan irabazi nituen lasterketa batzuk, baita pare bat amateur mailan ere. Baina ni ziklo-krosean ibiltzen nintzen gustura. Ziklo-krosa oso kirol jarduera gogorra da, ordubeteko tartean dena eman behar da, oso leherkorra da, baina nik hor gozatzen nuen gehien. Errepidean auto artean entrenatu beharrean mendian ibil nintekeen bizikletarekin, lokatz artean, bizikletarekin saltoka...

"ERREPIDEKO ENTRENAMENDUETAN ASPERTU EGITEN NINTZEN, LOKATZETAN NENBILEN GUSTURA"

Euskal Herriko probak etorri ziren lehenengo, Espainiako txapelketak gero, eta ondoren, nazioarteko probetara egin zenuen salto.

Camping de Zarautzeko lagunei eskerrak eman behar dizkiet [orduko babesleak]. Haiek animatuta joan ginen Belgika aldera entrenatzera eta hango lasterketetan parte hartzera. Gogoan dut Paul De Brauwer-en eta halako ziklista handien ondoan entrenatzen egindako hilabeteak: zelan elikatu, zelan prestatu lasterketak, zirkuituen errekonozimendua zelan egin... Dena irakatsi ziguten, han ez zegoen sekreturik. Eta han geundela joaten ginen lehiatzera Herbehereetara, Suitzara, Italiara... Neurri batean, bide-erakusle lana egin genuen ondoren etorri ziren beste ziklista batzuendako, David Seco, Ruiz de Larrinaga, Felipe Orts eta halako txirrindulariendako.

"MUNDUKO ONENEKIN LEHIATZEKO EZINBESTEKOA DA BELGIKARA JOATEA, HAN DAUDE ONENAK"

Hain zuzen, orain arte zeneukan errekor bat berdindu du Alacanteko ziklista Felipe Ortsek.

Bai; Superprestigioko proba batean postu onena egin duen euskal txirrindularia naiz, eta Espainia mailan ere errekor hori izan dut 30 urtean. 1991n, Zarauzko nazioarteko proban sailkatu nintzen seigarren postuan, eta Ortsek berdindu egin du duela hiru hamarkada lortu nuen seigarren postu hura. Gogoan dut Peter Hric-ek irabazi zuela lasterketa, eta hark ateratako tartea ez zen minutura iritsi [38 segundora helmugaratu zen bergararra, eta atzetik helmugaratu ziren, besteak beste, Radomir Simunek, Frank Van Bakel, Martin Hendriks, Huub Kools eta Danny De Bie ziklistak].

Zeure kirol ibilbidean ze lasterketa nabarmenduko zenituzke?

Burrianan lortutako Espainiako Txapelketa absolutua garaipen garrantzitsua izan zen, 1991-1992 denboraldian, eta baita lehenago 23 urtez azpikoen kategorian Legazpin lortutako Espainiako Txapelketa ere. Gero, Zarauzko Superprestigio proban lortutako seigarren postua ere garrantzitsua izan zen niretako, proba hartan jada munduko txapeldun ziren kanpoko ziklistekin batera aurrez aurre ibili nintzelako. Maitasun handiz gogoratzen dut, baita ere, Ormaiztegin lortutako garaipen bat, 1992-1993 denboraldian; izan ere, aurreko belaunaldikoak ziren Yurrebaso, Benito Duran, Izagirre... Haiekin lehiatzeko kapaz nintzela ikusi nuen, eta haiek erreferente ziren guretako. Eta ondo gogoan dut, baita ere, Overijse-ko (Belgika) Superprestigioko lasterketa. Pentsa, 130.000 pertsona zeuden zirkuituan animatzen eta ni bertako izar Roland Liboton-ekin ibili nintzen 12. sailkatzeko lehian. Ordurako, Liboton bost alditan izan zen munduko txapeldun, eta haren ondoan lasterketa egitea izugarria izan zen, milaka lagunek animatzen zuten pasatzen ginen bakoitzean, eta ni ondoan animo oihu horiek guztiak entzuten... Oroitze hutsarekin oilo-ipurdia jartzen zait oraindik ere.

90eko hamarkada hasieran, nazioartean bizpahiru urte oso on egin zenituen; izan ere, jakinekoa da iparreko lasterketa haietan hamabost onenen artean sailkatzea ze zaila den.

Ez da batere erraza, ez. Erroman (Italia) hamaikagarren egin nuen, Zillebeke-n (Belgika) bederatzigarren, Ostenden egin zuten Munduko Txapelketan zortzigarren... Hala ere, nahiz eta aurreko postuetan ibili, ziklo-krosean ez zen errepidean irabazten zen dirua irabazten. Momentuan aurrera egiteko bai, baina etorkizunean pentsatu beharra zegoen eta 28 urterekin utzi egin nuen txirrindularitza. Oraindik banituen hiruzpalau urte on aurretik, baina 1997an bizikleta denda jartzeko aukera izan genuen; besteak beste, Flanders bizikleta etxearekin lan egiteko aukera izan genuen, eta bizikleta uztea erabaki nuen.

"OVERIJSE-KO PROBAN 130.000 PERTSONA ZEUDEN ZIRKUITUAN GU ANIMATZEN"

Gaur egunera etorrita, Felipe Ortsek erakutsi du ofizioa ikasteko Belgikara joan beharra dagoela.

Azken urteotan, gertutik nabil bere ibilbidea jarraitzen, eta ikustekoa da zelako aurrerapausoa eman duen ziklo-krosean. Domekan ez zuen lasterketa onik egin, ez dago harean ibiltzera ohituta eta ez zen batere ondo egokitu zirkuitu horretara, oraindik badu zer ikasi. Baina ziklo-krosean ibili gura duenak derrigor joan behar du Belgikara, han daude onenak, eta onenen ondoan ikasten da gehien. Ikusi Munduko Txapelketan bertan zer gertatu zen; Van der Poel herbeheretarra da salbuespena, aurrean helmugaratu ziren gehienak Belgikako selekziokoak ziren.

Zuk ziklo-krosa errepideko bizikletarako osagarri moduan ikusten duzu, eta ziklismo eskola askotan, duela urte batzuk, behintzat, ez zen oso bateragarri ikusten.

Ziklo-krosarekiko beldur hori kendu egin behar dugu, eta uste dut Van der Poel, Van Aert eta halako ziklistek kirol jarduera hori errepidearekin batera egin daitekeela erakusteak ekarpen galanta egingo diola, gazteak erakarriko dituela. Ziklo-krosa, pistako ziklismoa bezala, bateragarria da errepidearekin.

Gurera etorrita, pena da, baina, gaur-gaurkoz, Debagoienean desagertu egin da ziklo-krosa. Urte batzuetan Bergaran, Arrasaten... egin izan dira lasterketak. Oñatiko probak urteak egin izan ditu, baina, pandemiaz harago, desagertu egin dira proba horiek.

Penagarria da, bai. Batetik, halako lasterketak antolatzeko babes ekonomikoa behar da, eta badakigu gaur egun enpresak ze egoeratan dauden. Eta bestetik, jendea behar da lanerako. Hasi denak hasten gara ilusio handiarekin, baina konpromiso horri urteetan eustea ez da erraza, azken batean, ardurak hartu behar izaten direlako. Pena da, bai; ea mundu mailako erreferente horiei esker berpizten den berriro ere ziklo-krosa gurean, kirol jarduera ederra da eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak