Nor zen Rafael Garitano-Aldaeta? Eta zergatik da liburu baterako ematen duen pertsonaia?
Bergarako Santa Marina elizako abadea izan zen, 1762tik 1784ra. 1736an jaio zen, eta 1784ko abenduan hil. Urte haiek izan ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Errege Seminarioko urte oparoenak, Bergara Ilustrazioaren garaiko gune esanguratsuena zenean. Garitano abadea zen, eta aspektu batzuetan kontserbadorea, baina beste esparru batzuetan oso aurreratua zen bizi zuen garairako.
Zertan zen aurreratua, adibidez?
Nekazaritza-ikertzailea zen, eta hori oso bitxia zen garai hartako elizgizon batendako. 1764an sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lantzen zituen arloen artean garrantzi handia zuen nekazaritzak; Garitanok ikerketa oso esanguratsu batzuk egin zituen patataren inguruan. Garai hartan, gizakiak ez zuen patatarik jaten, animaliendako elikagaia zen-eta orduan, baina Europan hasita zeuden ikerlari batzuk patataren gainean ikertzen; horien artean, Antoine Parmentier ikerlari frantziarra nabarmendu beharra dago –patataren kimikari buruzko obra bat argitaratu zuen 1773an–.
Gizakiarendako elikagai oso aproposa zela ondorioztatzen zuten ikerketa haiek, eta Garitanok berak patataren gaineko esperimentu batzuk egin zituen Bergaran, gerora Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Extractos izeneko buletinean argitaratu zena. Garitano bera patata jaten ere hasi zen; garizuman ez zen okela jaten, eta patatarekin orekatzen zuen elikadura.
Abade bat ikertzaile lanetan, eta haren lanak orduko buru modernoenen argitalpenetan. Oso bitxia, ala?
Oso. Ez zuen mediorik eta esperimentuak bere ortuan egiten zituen, Antoine Parmentierren eta bestelako ikertzaileen liburuak erosita. Hau da, ahalik eta gehien dokumentatu ostean bere kabuz garatu zituen nekazaritza arloko hainbat ikerketa; oso tipo aurreratua zen bere garairako.
Herri xumea geroago hasi zen patataren onurez jabetzen, ezta?
Patataren kontsumoa soldadu frantsesen artean zabaltzen hasi zen gerra napoleonikoen hasieran (1808), sekulako goseteak eraginda. Geroago, gizarte osora zabaltzen hasi zen, I. Karlistaldiaren bueltan (1833-1840). Premiak eraginda zabaldu zen patataren kontsumoa, baina 30 urte lehenago Garitanok ikertua zuen patata ona zela gizakiarentzat.
Baina Garitano oharkabean pasatu da historian zehar, hein handi baten, zure lana heldu den arte.
Garitano oso ezezaguna da oraindik Bergaran, eta are ezezagunagoa Euskal Herrian. Ez da, inondik inora, Xabier Maria de Munibe –Peñafloridako kondea– moduko pertsonaien tankerakoa; bigarren lerroko pertsonaia da, baina bere ikerketak ezagun egin ziren Extractos izeneko idatzietan argitaratu zirelako.
Liburuzale amorratua ere bazen...
Horixe da Garitano horren arraroa izatearen arrazoia, dokumentatzeko liburu pila bat zituela; 600 liburutik gora zituen. Baina, kopuruaz harago, bitxiena zena zen eta ez zituela bakarrik liburu erlijiosoak, liburu zientifiko asko ere bazituen, eta hori oso arraroa zen. Horiek eta beste hainbat bitxikeria jaso ditut liburuan.