Munizipala aisialdi-gune nagusia zeneko aroa, 40 bat argazkitan erakutsita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 22a, 07:58

Bergarako frontoia lepo beteta, 1959ko irailaren 25eko buruz buruko finalean. ARGAZKIAK: BERGARAKO UDAL ARTXIBOA / TORIBIO JAUREGI FONDOA.

Gaur irekiko dute Toribio Jauregiren pilotako argazkiak izeneko erakusketa, Aroztegi aretoan, 1915etik 1970era Bergarako frontoian ateratako argazkiz osatutakoa; 2005ean Isabel Vidartek egindako lana baliatu du pilota eta argazki zalea den Iñigo Zaitegi bergararrak. Otsailaren 7ra arte egongo da zabalik.

"Azken bolada honetan bogan jarri dira argazki zaharrez osatutako erakusketak, garaiak nola aldatu diren erakusten dutenak. Eta honako hau ere buelta horretan koka dezakegu". Hitz horiekin azaldu du BKEko presidente ohi eta pilota elkartearekin harreman estua duen Iñigo Zaitegik gaur Aroztegin irekiko den erakusketaren helburu nagusia.

Joxe Arriaran (Arriaran II.a) eta atzean Zurdo de Mondragon, 1950ean.

Toribio Jauregiren pilotako argazkiak izeneko erakusketa da gaur Aroztegin ireki eta otsailaren 7ra arte zabalik egongo dena. Honako hau izango da ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

Isabel Vidarteren 2005ekoa

Erakusketa hori ulertzeko, Zaitegik azpimarratzen duenez, Isabel Vidarte eibartarrak 2005ean eta Toribio Jauregiren argazki fondoarekin antolatu zuen erakusketa arrakastatsua gogoratu beharra dago, Zaitegik haren lana hartu duelako oinarri moduan erakusketa berria antolatzeko: "Bergarako Udal Artxiboko arduradunek jakinarazi zidaten 2005ean Isabel Vidartek antolatu zuen erakusketa, eta argazki horiei begira nenbilela pentsatu nuen berriro erakutsi behar zirela. Argazki ederrak dira, Bergarako frontoia nola betetzen zen erakusten dutenak. Nola aldatu diren gauzak...".

Pagoaga eta Etxague artekariak, apustu bat apuntatzen.

1915etik 1970era arteko 40 bat argazki erakutsiko dituzte, Bergarako Udal Pilotalekuaren "urrezko urteetako harribitxi horiek" bergarar guztiei berriz erakusteko asmoz.

1915etik 1970era arteko 40 bat argazki erakutsiko dituzte, Bergarako Udal Pilotalekuaren "urrezko urteetako harribitxi horiek" bergarar guztiei berriz erakusteko asmoz.

Zaitegik aurreratu duenez, "oso argazki politak" dira, orduko gizartearen aisialdiaren barruan frontoiak berebiziko garrantzia zuela islatzen dutenak: "Sekulako jendetza elkartu ohi zen munizipalean; Arrasatetik, esaterako, jende mordoa etortzen zen. Izan ere, Arrasaten bazegoen frontoia, baina ez zituzten partidu nagusiak jokatzen. Eibartik ere jende asko etortzen zen".

Giroa, agintariak eta Eliza

Erakusketan pilotaririk nabarmentzen den galdetuta, Zaitegik aipatu ditu, besteak beste, Arriaran II.a, Zurdo de Mondragon, Miguel Gallastegi eta Atano III.a agertzen direla, baina Toribio Jauregiri zor diogun altxor fotografiko horretan ez dago apenas argazkirik pilotariak jokoan erakusten dituenik: "Garai hartan oso zaila zen, ezinezkoa ez esatearren, pilotariak jokoan mugitu gabe harrapatzea".

Ohikoa zen eguerdian pilota partiduak etetea angelusa errezatzeko.

Hala ere, frontoian bizi zen giroaz eta beste hainbat bitxikeriaz gozatzeko aukera izango du Aroztegira hurbiltzen den herritarrak: "Nolako giroa bizi izaten zen, agintariek izan ohi zuten presentzia nolakoa zen...".

Bergarako armarriaren gainean, ezkerretatik eskuinera: Mendizabal arkitektoa, Luis Bombin (Gran libro de la pelota vasca-ren idazlea) eta Karmelo Balda. Zutik: Txoko, Lopetegi eskultorea eta Troyano de los Ríos. Harmailan: Unzeta. 

Eta bereziki aipagarria da, Zaitegiren arabera, Elizak garai hartan –eta ez duela urte askora arte– zuen indarra: "Nik ikusita daukat Bergarako frontoian angelusa errezatzen; partiduak goizean jokatzen zirenean, 12:00etan pilota partidua geratu egiten zen angelusa errezatzeko. Otoitz egin ostean berrekiten zitzaion norgehiagokari; helduon artean ezaguna da hori, baina ez dakit belaunaldi berriek halako bitxikeriak ezagutzen dituzten... Horregatik antolatu dugu erakusketa, gizartea noraino aldatu den erakusteko".

Zaitegi: "Partiduak goizean jokatzen zirenean, 12:00etan partidua geratu egiten zen angelusa errezatzeko. Otoitz egin ostean berrekiten zitzaion norgehiagokari".

Munizipalaren gainbehera

Debagoieneko frontoien artean erreferente izaten jarraitzen du Bergarako munizipalak, afizionatu mailan antolatzen diren txapelketak tarteko, baina azken urteotako mugimendua ezin da alderatu 1950eko edo 1960eko hamarkadetakoarekin: "Telebista agertu zenean asko murriztu zen frontoira joan ohi zen jendea, erosotasunak agintzen duelako. Gainera, partidu garrantzitsuenak beste frontoi batzuetan jokatzen dira gaur egun".

Harmailak gizonez beteta; erdian, zuriz, Bitorio Unamuno.

Partiduak, frontoiko ateak itxita gaur

Pandemiagatik frontoiko ateak itxita egin behar izan arren, pilota partiduek ez dute etenik: gaur arratsaldean eta domeka goizean, kadete eta senior mailetako partiduak jokatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak