Zubieta Berri elkarteak "prozesu ireki bat" eskatu dio Udalari eskola zaharreko oruberako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 15a, 16:02
Zubietako eskola zaharra.

Kontseilu Sozialista kolektiboak 2020ko abenduaren 26an Zubietako eskola zaharra okupatu izanak orube horren gaineko erabileraren eztabaida zabaldu duela eta, bertako bizilagunak "modu zabalean" ordezkatzen dituen Zubieta Berri elkarteak Udalari eskatu dio "prozesu ireki bat" zabaltzeko eta interes orokorra lehenetsi dezala.

Zubieta Berri elkarteak zehaztu du euren helburu nagusia dela Zubieta kalea berriro urbanizatzeko proiektua martxan jartzea: "Gure lehen helburua da Zubieta kaleak bizi duen degradazio urbanistikoari bere osotasunean buelta eman eta irisgarritasuna bermatzea. Eta, bide horretan, kalea konpontzeko obrak 2021an hasiko zirela adosteaz gain, Udalarekin prozesu bat adostuta daukagu. Lanak hasi aurretik ekarpenak egiteko aukera emango digun prozesua izango da, Udalak ahal duen neurrian kontuan hartuko duena".

Interes orokorra lehenestea

Eskola zaharreko orubea ez dute erabiliko, oraingoz: "Irisgarritasun parametroak betetzen ez dituen heinean, hau da, erabiltzeko herritar guztion eskubidea bermatzen ez den bitartean, guk ez daukagu bertan inongo ekintzarik abiarazteko asmorik. Eta kalea berritzeko ikuspegi integral batetik, orube hori berrantolatzearen aldeko apustua egiten dugu. Irisgarritasuna ziurtatu eta aisialdia lehenetsita, horretarako kale osoan daukagun gune bakarra delako".

Eskolako orubeari ze erabilera eman zehazteko, partaidetza prozesua proposatzen dute: "Udal orube eta eraikinen kudeaketaren arduraduna Udala denez, dinamika horiek zehazteko prozesu partehartzaile bat martxan ipintzea proposatzen diogu. Ahalik eta irekiena. Inguruko bizilagunak –Zubieta, Mugertza eta San Lorentzo–, interesa duten herriko eragile guztiak eta Udala aintzat hartuta, eta interes orokorra lehenetsita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak