Xabier Agirre (margolaria): "Panorama zabala erakusten du bildumak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urt. 16a, 09:39
Xabier Agirre, Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa aretoan. Argazkia: Xabier Agirre.

Ikustera eman, paisaia margoekin osatutako bilduma, du ibilbide luzeko pintoreak ikusgai Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa aretoan otsailaren 5era bitartean.

21 urtetan zehar egindako lanak batu ditu Agirrek Ikustera eman izeneko bilduman.

Martitzenean inauguratu zen; pozik?

Arabako ateak irekita zeuden oraindik, eta pozik nago, bai; bisitarien artean, lagun mordo batek hurbiltzeko aukera eduki zuen, eta giro ederra sortu zen.

Zelako lanak erakutsi dituzu?

Erakusketa hau azken hogei urteetako atzera-begirakoa dela esan daiteke; guztira, 42 koadro daude eta mihise gaineko olio-pinturak dira.

Zure margogintzaren bilakaeraren erakusle da bilduma? Zertan nabaritzen da bilakaera hori?

Panorama zabala erakusten du bildumak. Obrak ikusteko ibilbidea ez dago kronologikoki antolatua; hau da, elkarren arteko loturak eta eztabaidak guztiz plastikoak dira. Proposamenak naturaren miresmenetik datoz beti, eta aldi bakoitzean arriskuren bat hartu ondoren sortutako koadro sorta da.

Paisaiak dira zure margotzeko esparrua. Zerk bultzatuta?

Aspaldiko urteotan margotzeko orduan eduki izan dudan erreferente edo motiboa da paisaia. Sentsibilitate kontua izan daiteke. Kanpora begiratzean, ikusten ditudan lekuetan, nire barne sentimenduen oihartzunen bat topatzen dudalako, ziur aski?

Gertuko eta urruneko paisaiak jaso dituzu. Zein toki, adibidez?

Leku ezberdinetako izenburuak ikus daitezke koadro horien aldamenetan, bakoitzak bere zergatia dauka, eta une konkretu batean zuzenean bizitako oharmen parametroei lotuta daude. Belchite izeneko obra leku historiko horren bisitan ateratako argazkietatik egina da. Gerrako bonbardaketa ondoren birrinduta geratu zen herri horrek erakusten duen arkitektura, bere koloreak, momentu hartako argitasun itsugarria, hautsa, aztarnen zirrara, motibazio anitzak dira koloreen argitasunari eta konposizio ausart bati ekiteko arrazoiak.

Xabier Agirreren Belchite margolana. Argazkia: X. A.

Zer bilatzen duzu aukeratzen dituzun paisaia horietan?

Koadro bakoitzean, lekuaren itxura fisikoaz gain, margotzean pinturak eskatzen duen elkarrizketa plastikoak eduki du lehentasuna.

Zein da zure margotzeko prozesua?

Motiboaren aurrean –plein-air– eginda dauzkat koadro batzuk, ez denak; beste batzuetarako, argazki kameraren laguntza izan dut. Margolariaren esku tresna hori begien luzapen eta memoria bihurtzen da; bizitako sentsazioen gordailu.

"Pintzelkadaren enpastea eta itxura zuretzako aintzakoak" izan direla eta "modernotasunean ondo errotuta" daudela zure lanak diote adituek. Bat zatoz?

Nire lanetan nahi gabe azaltzen da pinturaren materia eta pintzelkadaren adierazkortasuna. Paraje konkretuen ezaugarri fisikoa baino gehiago, elementuen lekualdaketa interesatzen zait, kromatismoaren hobespena. Bergarako arbasoen eskola.

"NIRE LANETAN NAHI GABE ATERATZEN DA PINTURAREN MATERIA ETA PINTZELKADAREN ADIERAZKORTASUNA"

Moises Eguren Bergarako margolaria izan zen zure lehenengo margo-irakasle eta erreferente. Zure lanetan antzematen da hori?

Moisesen irakaskizunek tinko jarraitzen dute nigan: koloreen askatasuna, kontrasteen erabilpena, konposizioa zaintzea eta, batez ere, koadro bakoitzean ausardiaz esperimentazio txiki bat bideratzea. Honi lotuta dago koadro bakoitzaren xarma.

Artista askoren irakasle izan zara urte askoan EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Zertan eragin dizu?

Pertsona pribilegiatua sentitu izan naiz ikasleekiko harremanen kalitateagatik eta beren bide pertsonalak lantzean soltatzen dituzten asmakizun txinparten lekuko izateagatik.

Lanetik erretiratu berri zara, baina margotzen jarraitzen duzu, ezta?

Materialak prest ditut, eta pinturari denbora gehiago emateko perspektiba ere bai.

Martitzenean egin zuten erakusketaren inaugurazio ekitaldian Agirre lagunekin. Argazkia: X.A.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak