Nagore Iñurrategi: "Burua altxa eta 2030eko Bergara eraiki dezagun"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 9a, 09:55

Urte eta erdi pasa daroa Nagore Iñurrategik (Bergara, 1978) EH Bilduko zinegotzi, eta, COVID19ak agintaldi osoa baldintzatuko badu ere, sinistuta dago 2030eko Bergara "lehenbailehen" eraikitzen hastea "ezinbestekoa" dela. Pandemiako "urgentziei eta behar berriei" erantzuten jarraitzeaz gain, Agenda 2030ari "izaera estrategikoa" eman nahi diote: "Gure bizimodua aldatu beharko dugu, nahitaez".

Lehenengoz zinegotzi zure herrian. Nolako esperientzia ari da izaten?

Orain arte nahikoa lan izan dugu Udal barruko ertz, geruza eta hari mutur guztiak ezagutzen. Banekien konplexua izango zela Udaleko logika ulertzea, baina eskerrak konplexutasun hori ulertzeko sekulako taldea dudala ondoan; talde politikoaz gain, teknikariek asko lagundu didate.

Erabat berria zen lan bati mundu mailako pandemia bat gehitu zaio.

Agintaldiko lehen urtea bete barik geundela harrapatu gintuen COVID-19ak. Udal barruan kokatu eta gure proiektuak abiatzera gindoazenean, dena geratu behar izan genuen, pandemiagatik. Gure akatsekin, baina uste dut ondo kudeatu dugula erabat berria zen egoera. Pandemian gaude oraindik ere, baina hasieran baino informazio gehiago eta segurtasun handiagoa dugu, eta gainetik dauden erakundeekin hobea da elkarlana. Orain, pauso berriak ematea dagokigu, eta hor kokatu nahi dugu plan estrategikoa, Agenda 2030arekin batera garatuko duguna.

Zer da Agenda 2030? Zeintzuk lirateke bete beharreko helburuak?

2015ean Nazio Batuetako 193 herrialdek adostu zuten 2030erako bete beharreko hamazazpi erronka zehazten ditu Agenda 2030ak, garapen jasangarria ardatz hartuta. Udalean sartu ginenean esan genuen plan estrategiko bat sortu nahi genuela bergararrekin batera, 2030ean nolako Bergara nahiko genukeen erabakitzeko ahalik eta kontsentsu handienarekin. Baina, Jaurlaritzarekin parte-hartze prozesu bat diseinatzen ari ginela, ohartu ginen Agenda 2030a badatorrela mundu mailan. Horregatik, helburu horiei izaera estrategikoa emango diegu, helburu horiek beteta hasierako plan estrategikoa beteko dugula sinistuta.

Lau arlotan eragin nahi duzue: azaldu arlo bakoitzeko helburuak.

Lurralde arloan, hirigintzarekin lotutako gaiak landuko dira eta aztertzeko gaien artean egongo dira, besteak beste, lurraldea eta antolamendua; bioaniztasuna eta ingurune naturala; paisaia; mugikortasuna eta garraioa; lurzoruak; ura; energia; hondakinak; klima aldaketa; landabideak... Bigarren arloa herritarrena da eta landuko diren gaien artean daude, besteak beste, ongizatea eta gizarteratzea, osasuna, kultura, kirola, euskara, hezkuntza, berdintasuna, demografia, migrazioa, gizaeskubideak...

Hirugarrenik, ekonomia arloak mahai propio bat behar duela uste dugu; are gehiago, 2020ak utzi duen krisiarekin: lan-merkatua, udalgarapena, enplegua, enpresen sorrera, merkataritza, azoka, lehen sektorea, industria, turismoa eta kontsumoa landuko lirateke, esaterako. Azkenik, gobernantzari dagokionez, arlo guztiek zeharka izan beharreko elementuak hauek dira: iraunkortasuna eta jasangarritasuna; sentsibilizazioa eta komunikazioa; herritarren parte-hartzea; koordinazioa; eta gardentasuna.

Nola saihestu helburu horiek hausnarketaren linboan geratzea?

Prozesua lan-tresna batekin amaituko dugu, kronograma bat izango duen plan zehatz batekin. Bergararen ahalik eta argazki zehatzena atera ostean, ekintza zehatzak planteatuko ditugu.

Noiz izango da hori?

Urtarrilean zehar Izadi 21 enpresak egindako diagnostikoa izango dugu. Diagnostiko hori herritarrekin partekatzea eta osatzea da asmoa; hori izango da Bergarako A2030 garatzen hasteko oinarria. Ondoren, lantaldeak martxan jarri ostean, udako oporretarako behin betiko txostena esku artean izatea aurreikusten dugu.

Ze eginkizun izango luke Udalak prozesu horretan guztian?

Herritarrekin eta eragileekin batera egin nahi dugu bidea, idatzita utziko dugun Bergara horretara heltzeko urratsek ahalik eta adostuenak izan behar dutelako. Hori bai, Udaleko arlo teknikoak ekintzak ekonomikoki bideragarriak diren esango digu, besteak beste. Adibidez: herritar batek resort bat jarri nahi badu Bergaran, erantzungo diogu ez duela, batetik, A2030eko helburuekin bat egiten eta, gainera, ez dela bideragarria.

Eguneroko pandemikoan bizi den herritar horri zer esango zenioke A2030 garatzearen garrantziaz?

Esango nioke bi planotan egin behar dugula lan. Urgentziei eta behar berriei erantzun behar izan genien lehen hilabeteetan, eta jarraituko dugu lan horretan, baina, berandu izan baino lehen, burua altxatu behar dugu eta aurrera begira jarri. Gure bizi eredua mundua agortzen ari da, eta nahitaez aldatu beharko dugu; gure eskuetan dagoena da ezinbesteko aldaketa hori noiz hasi.

Badira baldintzak adostasunerako?

Guk bide guztiak irekiko ditugu adostasunerako. A2030eko garapen iraunkorrerako helburuekin adostasun politikoa ez egotea zaila izango da; beste kontu bat da egiteko moduetan ikuspegi ezberdinak egon daitezkeela.

Debagoiena 2030 proiektuko parte ere bada Bergarako Udala. Osagarri ikusten dituzu bi ekimenak?

Erabat osagarriak dira eta ziur nago bidean bat egingo dugula. Ez dakit une oro batera joango garen, baina elkar elikatzea ezinbestekoa izango zaigu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak