Atleten harrobi izandako herria

Jone Olabarria 2021ko urt. 8a, 12:25

80ko hamarkadan: Rafa Jaso, Mikel Etxabe, Antonio Gomez, Javi Gomez, Gustavo Abajo, Andoni Goiti, Marcos Arevalo, Jose Alcaide eta Bittor Jimenez.

Gaur eguerdian aurkeztu du Pili Arinek bere azken lana udaletxeko areto nagusian. 'Bergarako Atletismoaren Historia' liburuak 1916tik gaur egun arte atletismoak Bergaran izandako ibilbidea batzen du: urrezko aroa, emakumeen parte-hartzea...

Iñaki Ugarteburu, Gorka Artola eta Pili Arin, liburuaren aurkezpenean.

Mende bat liburuan

Gipuzkoako Atletismo Federazioa sortzearekin batera ageri dira Bergaran atletismoak izandako lekukotzaren lehen testigantzak, 1916an. Hamazazpi ziren orduan Gipuzkoan zeuden klubak: hamahiru Donostian, hiru Eibarren eta bat Bergaran. Shooting Bergares izenez ageri da lehenengoz herriko kluba, urte hartan Donostian antolatutako lasterketa baten dokumentuetan. Lehen urte haietatik gordetzen diren datuak aztertu eta gaur egun arte atletismoak Bergaran izandako lekuaren berri ematen du Pili Arinek bere azken lanean, Bergarako atletismoaren historia liburuan.

Ismael Arrieta, 1963. urtean.

Gaur eguerdian, 12:00etan, egin du bere lanaren aurkezpena, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Pili Arinek. Proiektu bat esku artean duenean "24 orduz" horretara egoten dela aitortu du, "buru-belarri". Hala, bost hilabeteko lanaren fruitua da orain urtebete, 2020ko urtarrilean, argitaratutako Bergarako Atletismoaren Historia liburua. Hain zuzen, historia horren zati garrantzitsu bat bizitakoa da Arin bera ere, eta "kirolak herrian izandako presentziaren testigantzarik bilduta ez zegoela ikusteak" eraman zuen lana garatzera. Aitortu duenez, hasierako asmoa "motz" geratu zen, herritarrek euren etxeetan zuten material grafiko eta datuak eskaintzen joan ziren heinean: "Hasieran, historiaren atala egiteko asmoa nuen; eta bertan ere oso lagungarriak izan dira herritarrek emandako hainbat datu, atleta eta atleta ohiek gordetzen zuten informazioa. Gerora, baina, gaur egungo eta azken hamarkadetako datuak iristen hasi zitzaizkidan, eta horiek ere liburuaren parte izan behar zutela erabaki nuen".

Atletismoa krosa zenekoa

Ordura arte atletismoaren egoera herrian "guztiz egonkortuta ez zegoen arren", 1954-1955 denboraldian CD Bergarak atletismo saila zuela zehazten du liburuak, "nahiz eta lasterketako partaidetza esklusiboki kros probetakoa izan". Hurrengo hamarkadan bereziki popularrak izan ziren kros proba haiek: "60ko hamarkadan, Club Deportivok hainbat kros lasterketa antolatu zituen, garai hartako atleta onenetakoak batuz. Bergararrek ere hainbat kategoriatan parte hartu zuten, baina klubeko atletismo atala ez zen finkatu eta, horren ondorioz, horietako batzuk Eibar Kirol Elkartearekin lehiatzera pasa ziren".

Jose Mari Zubia 'Bolu', Anton Otalora, Pedro Bengoa, Jose M. Unzurrunzaga, ezezaguna, Javier Ruiz de Egino, Jesus M. Larrañaga, Jose Luis Agirre.

Instalazioak, "betiko arazo"

Entrenamenduetarako instalazio "egokirik" ez zegoela azaldu du Arinek liburuan, eta gerora ere "urte askoan zehar" izandako arazoa izan da. Orduko herriko atletak, gehienak gazte mailakoak, bi entrenamendu-gunetan aritzen ziren: krosa Agorrosinen eta inguruetan egiten zuten, Eduardo Muruaren zuzendaritzapean, eta pistako lasterketan aritzen zirenak Labegaraietan zegoen futbol zelaian prestatzen ziren, 100 metroko zuzen batean, Juan Carlos Verderen esanetara. Eguraldiak okerrera egiten zuenean, frontoian egiten zuten.

Goian, ezkerretik hasita: Teresa Gonzalez, Eva Arevalillo, Jose Acedo, Angel Maria de Goñi, Aitor Oregi, Miguel Sancho, Jaime Garcia, Josu Azkarate eta E. San Nicolas.Behean, ezkerretik hasita: Jose Mari Martinez de San Vicente, Amaia Aperribai, Anabel Blazquez, Jose Mari Lasheras, Ana eta Marta Arevalillo, Joseba Oregi eta Izaro Aperribai.

Lanean zehazten denez,  esaterako, 80ko hamarkadaren hasieran, klubak eta Udalak obra batzuk proposatu zituzten Agorrosin kirol-gunean, atletismo-pista bat eraikitzeko eta igerilekuak birmoldatzeko: "Behin proiektua aztertuta eta neurriak arauzkoak ez zirela egiaztatuta, proiektua birmoldatzea eskatu zen atletismo sailetik, nahiz eta horrek kale gutxiago izatea ekarriko zuen... Beste behin ere, klubaren eta Udalaren irizpide orokorra beste bat izan zen: arauzkoa ez zen pista bat eraiki zen, ura futbol-zelaira joan ez zedin".

Futbol sailarekin borroka hori urteetan zehar mantendu zela azaldu du Arinek: "80ko hamarkadan ere atletek debekatuta zuten berdegunean entrenatzea, haien oinatzak kornerren arkuetan markatuta geratzen baitziren... baina ez zegoen arazorik futbolariek pistaren gainean takodun botekin entrenatu eta dena desnibelez beteta uzteko".

Bergararren "urrezko aroa"

1963an hasi zen pistako atletismoaren hazkundea. Ordura arteko Eduardo Muruaren eta Juan Carlos Verderen lanari batu zitzaion Enrique San Nicolas, Manresatik Bergarako oihalgintza sektorean lan egitera etorritako ehungintzako teknikaria. Espainiako txapelduna izandakoa zen San Nicolas, baita nazioarteko hainbat txapelketatan aritua ere. Arinen ustez, hura izan zen "bergarar atletismoaren urrezko aroaren benetako arduraduna".

Azpiegituretan "gabezia nabarmenak" zeuden arren, eta atletismo pistarik gabe, atletek lasterketa eta trofeoetan parte hartzen zuten Donostian, Eibarren, Tolosan... eta lehen garaipenak biltzen joan ziren. Atleta gehienak gazte mailakoak ziren, federatu gabeak: "63-64 denboraldian, 15 atleta inguruko talde bat Bergara kirol klubera batu zen, horietako asko San Antonio auzoko kuadrillakoak. Haiei beste gazte batzuk gehitzen zitzaizkien, eta ordurako ez ziren lasterketetara soilik mugatzen, baizik eta San Nicolasen gidaritzarekin jauziak eta jaurtiketak egiten hasi ziren".

Goian, ezkerretik hasita: Ismael Arrieta, Jose Ignacio Beistegi, Jose Luis Iglesias, Julian Lazaro, Miguel Angel Fernandez,Jesus Aranguren, Xabier Ugarte, Jose Mari Elorza, Agustin Loidi, Jose Mari Martinez Gutierrez eta Jose Mari Rubio.Behean, ezkerretik hasita: Enrique San Nicolas, Jose Ramon Etxeberria, Juanjo Zelaia, Pili Arin, Jose Acedo, Miguel Angel Beistegi, Joaquin Nuñez, Luis Tomas Royo, Jose Mari Martinez de San Vicente eta Jose Luis Garmendia

Klubak denboraldi hartan antolatu zuen Pentekoste jaietako lehen pistako atletismo lehiaketa. Bergarar atletek ere parte hartu, eta "lortutako trebetasunak erakutsi zituzten", hurrengokoei bidea zabalduz: "Futbolaz harago, bergararrek beste kirol bat aurkitu zuten eta gero eta gaztetxo gehiago hurbiltzen hasi ziren Agorrosinera, atletismoak erakarrita, eta, horrela, fitxen kopurua ere pixkanaka handitzen joan zen". Hala, 60ko hamarkada hasierako hamabost atletetatik, atleta kopurua hamarkada amaierarako 80 fitxa baino gehiagokoa zela azaltzen du Arinek: "Urte batzuetan, atletismoak futbolak berak baino pisu handiagoa izan zuen, gainera".

Liburuan zehazten denez, 10-12 urte bitarteko lagunak zelaira hurbildu ohi ziren, eta, nagusiagoak entrenatzen ikusita, kuriositatez, haiek ere probatzera animatzen ziren. "Infantil mailatik hasten ziren entrenatzen gazteak, eta astean hirutan egiten zituzten saioak, baita domeketan ere, txapelketarik ez bazen". Diziplina horrek gorengo mailetara eraman zituen bergarar atleta batzuk, eta Espainiako txapeldun titulua eskuratu zuten, hala nola Agustin Loidik disko jaurtiketan eta Jose Acedok hesi-distantzian.

Emakumeak, 1964tik aurrera

Pentekosteetako bigarren lasterketa antolatzearekin batera, 1964. urtean, emakumezkoen artean deialdi bat egin zuen atletismo sailak, eta, hala, egunkarian eta baita orduko Compañia de Maria ikastetxean neska gazteei proban parte hartzeko dei egin zieten. Emaitza gisa, Pili Arin bera animatu zen eta txapelketa hartan parte har-tu zuen, luzera-jauzian eta 100 metroko proban lehiatuta. Lehen kontaktu haren ondoren, herriko atletismo taldera batu zen, 30 lagun inguruko taldean emakumezko bakarra zela: "Ez zen erraza izan mutilen artean 15 urte zituen neska bakarra izatea, nahiz eta nire taldeak oso ondo hartu eta zaindu ninduen... Hala ere, baziren gurekin Agorrosinen entrenatzen ziren beste kirolari batzuk ere, eta, antza denez, ez zuten ulertzen nire afizioa hitz egin edo xuxurlatu zezaketena baino indartsuagoa zela".

Emakumezkoen partaidetza bultzatzeko egindako kanpainaren ostean, Pili Arin, Pentekoste jaietako txapelketan, 1964an.

Etxekoek ere entzun behar izan zutela aitortu du Arinek, ez zela erraza izan: "Aitak bere alabari buruzko komentario asko entzun behar izan zituen...Mutilekin batera dutxatzen nintzela, gaua zela bueltatzen nintzela Agorrosindik...". Edozelan ere, taldean "babes osoa" izan zuela azaldu du Arinek, hein handi batean, dio, Enrique San Nicolas entrenatzaileak bere atletei erakutsitako jarrera eta errespetuagatik: "Enrique San Nicolasek nirekiko zuen portaerarekin, taldekideei begirunea eta adiskidetasuna erakusten jakin izan zuen, eta guztiek babestuta sentiarazi ninduten. Komentario desatseginak egiten zizkidatenean, haiek nire defentsan ateratzen ziren eta taldearen parte sentiarazten ninduten". Arinek irekitako bideak bere fruituak eman eta emakumezkoen atletismoak ere, 60ko hamarkadaren amaieran, gorakada izan zuen. Ikastetxeko talde bat iritsi, eta errelebo motza entrenatzen hasi ziren, gerora krosa eta jauziak ere probatzeko. Isabel eta Conchi Iturbe, Rosario Zabaleta, Consuelo Errasti eta Miren Azpiazu bergararrak soilik ez, Arrasateko zenbait neska ere animatu ziren, hala nola Rosa Ochandiano, urte batzuk geroago elite nazionalekoa izango zena, eta Charo Etxabe.

Goian, ezkerretik hasita: Isabel Iturbe, Miren Azpiazu eta Rosa Ochandiano. Behean, ezkerretik hasita: Consuelo Errasti, Conchi Iturbe eta Rosario Zabaleta.

Herriko taldearen gainbehera

"Urrezko urteak" bizi izan zituen atletismo taldearen gainbeheraren arrazoi posibleak ere aztertzen ditu Arinek bere lanean: "1987-88 denboraldian, Eskola Kirolaren Programa garatzen hasi zen, eta Udalak dirulaguntza bat eman zion kirol klubari, klubetik pertsona bat arduratu zedin eskola-lehiaketa koordinatzeaz. Horren ondorioz, kirol-eskaintza handitu egin zen. Aurretik, haurrek pilotan, txirrindularitzan eta atletismoan egiten zituzten praktikak, eta, jakina, futbolean... Lehen hirurak banakako kirolak ziren, eta, programa harekin, gaztetxoentzat oso erakargarria zen taldeko kirolak aukeratzeko aukera zabaldu zen".

1993-94an Bergaran Eskola Kirolaren Kontseilua eratu zen eta ikastetxeek benjamin eta alebin mailetan eskola-kirola koordinatu eta emango zuen enpresa bat kontratatu zuten. Arinek dioenez, urte haietatik gaur egunera arte, "gutxi" aldatu da atletismo bergararraren dinamika: "Eskola-adinean dauden neska-mutilek praktikatzen dute, eta, beren zaletasuna eta lorpenak behar bezala garatzeko, Mojategira, Eibarrera edo gertuko herrietara joaten behar dute entrenatzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak