Aitziber Uriarte: "Maskara jaitsi eta distantzia handituz komunikatu behar gara"

Jone Olabarria 2020ko abe. 26a, 09:14

Gipuzkoako pertsona gorren elkarteko lehendakaria da Aitziber Uriarte bergararra. Gorra jaiotzez, pandemiak eraginda pairatzen duten egoera azaldu du Uriartek.

Nola larriagotu dira komunikazio-arazoak maskararekin?

Ezpainez gain, hitz egiten digunaren aurpegia eta adierazkortasuna ikusi behar ditugu ulermenerako. Maskara garden batek, homologatuta ez egoteaz gain, adierazkortasun hori kentzen digu eta ulermena zailtzen digu. Eskola normatiboetan dauden haur gorren kasuan, arazoa areagotu egiten da, irakasleek edo ikaskideek keinu hizkuntza ezagutzen ez badute.

Zer egiten duzue halakoetan?

Gaur egun, maskara jaitsi eta distantzia handitzen dugu, baina hainbat herritarrek beldurra dute, eta, batzuetan, atentzioa ere ematen digute maskara jaitsita egoteagatik kalean gaudela.

Sare sozialetan, medikuarenean izan zenuen arazoa partekatu zenuen...

Medikuarekin hitzordua nuen eta interprete-zerbitzua eskatu nuen, baina aitari deitu zioten hitzordua aurreko egunera pasatzeko, eta egun horretarako ezinezkoa zen interpretea izatea. Kontsultan gorra nintzela azaldu nuen, eta irtenbide bakarra idazketa izan zen, maskara ez baitzuen kendu nahi izan medikuak. Oso desatsegina izan zen. Mediku guztiek ez dute horrela erantzuten, eskerrak, eta modu atseginean saiatzen dira erantzuna ematen.

Zer baldintza dituzue interprete bat eskatzeko?

Gipuzkoan, Euskal Gorrak-en bitartez, bi interprete ditugu. Egoera pertsonaletarako interpretea behar badugu –medikuengana joatea, seme-alaben tutoreekin biltzea...–, aurrerapenarekin deitu eta hitzordua zehazten dugu. Donostiako Ospitalean, esaterako, interpretea egon zen, baina, murrizketekin, lanpostua kendu zuten eta une honetan ez dugu zerbitzu hori. Eskatu arren, ez dugu erantzunik jaso.

Maskaren erabileraren aurretik, zer arazo zenituzten egunerokoan?

Pertsona gor guztiak ez gara berdinak. Batzuek nahikoa maila onarekin hitz egin dezakete, baina beste batzuek zailtasun gehiago dituzte. Entzuleen artean, pertsona batzuek erraz ulertzen dute eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie, urduri jartzen dira eta komunikazioa mozten dute. Azkenean, bi aldeek elkar ulertzeko gogoa izan behar dugu guztiok.

Beharrezkoa litzateke denok keinu hizkuntza menderatzea?

Egokiena hori litzateke, horrela, arazo horiek guztiak desagertu egingo lirateke, baina, hori gertatzen den bitartean, ondo ahoskatuz aurrez aurre hitz egitea eskatzen dugu, gehiegikeriarik gabe, eta, komunikazioa lortzen ez bada, keinu deskribatzaileetara jotzea. Pazientzia pixka bat eta adimena lehenestea da kontua.

Gipuzkoako gorren elkarteko lehendakaria zara; zein da elkartetik egiten duzuen lana?

Elkartea martxan jarri zenean, ez zegoen mugikorrik, ez ordenagailurik, ezta teknologiari esker gaur egun ditugun baliabide guztiak ere. Elkartea gorren arteko topagunea zen. Komunikazioa arina eta ahaleginik gabea izan zitekeen, esperientziak, ideiak, eta abar trukatzen genituen. Gaur egun, adinekoek jarraitzen dute gehien joaten, gazteek beste baliabide batzuk dituzte harremanak izateko, baina, oraindik ere, leku horretatik saiatzen gara sortzen zaizkigun arazoak konpontzen edo horiei erantzuten. Esaterako, zein izango zatekeen adineko pertsona gor baten egoera egoitza batean? Egoera batzuk kontuan hartu beharko dira etorkizunerako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak