Ikusmina eragin du Patxi Larrañagaren 'Abizenak, leinuak eta oinetxeak' liburuaren azken zatiaren aurkezpenak

Jone Olabarria 2020ko abe. 12a, 15:53

Abizenak, leinuak eta oinetxeak liburuaren hirugarren eta azken zatia aurkeztu du Patxi Larrañagak gaur eguerdian Seminarixoan. Azken honek 'i' letratik 'z' letrara arteko abizenak batzen ditu, eta ikusmin handia eragin du bergararren artean.

Gaur aurkeztutako azken zatiak ere oinetxeen eta hura bizitoki izandako leinuaren gaineko informazioa eta bitxikeriak jasotzen ditu. Bergaran 400 bat baserritik gora ditu identifikatuta Larrañagak, ostean alfabetikoki ordenatu dituenak. Hirugarren honetan, i eta z hizkien arteko abizenen berri ematen da; garai bakoitzaren, bizimoduaren, eta abarren berri eman dezaketen bitxikeriak aipatzen ditu historia ikerlariak.

Izandako harrerarekin, "pozik"

Herritar ugari gerturatu dira liburuaren aurkezpenera eta asko izan dira Seminarixoko atean jarritako postuan liburua bera erosi dutenak ere. Larrañaga oso eskertuta agertu da izandako harrerarekin: "Oso pozik nago izandako erantzunarekin. Hala ere pena da pandemiaregatik hainbat lagun etorri ezin izana; batzuk Bizkaitik etortzekoak ziren, Gasteizetik ere,...Eta Bergaran bertan ere jende nagusi askok esan dit ez zela etorriko beldurragatik".

Artxiboko lana, ezinbestekoa

Larrañagarekin batera, Gorka Artola alkatea, Bergarako Artxiboko arduraduna den Arantzazu Oregi, eta Ramon Martin, Gipuzkoako Artxibo Historikoko arduraduna izan dira aurkezpenean. Denek goraipatu nahi izan dute Larrañagak azken urteetan egindako lana eta halakoak aurrera eraman ahal izateko "artxiboaren garrantzia" azpimarratu du Gorka Artola alkateak: "Halako lanek ezagutza gerturatzen dute,  zer eta nor garen jakiteko, eta horretarako oso garrantzitsua da lanketa hau garatzeko baliabideak izatea. Antzinako dokumentuak jaso eta dokumentatzeak berebiziko garrantzia du".

Ildo beretik, Arantzazu Oregi Bergarako artxiboko arduradunak ere artxiboa herritarrei zabalik dagoela gogorarazi nahi izan du: "Udal zerbitzu bat garen heinean, gure helburua da gauzak eskuragarri jartzea, herritarrak etorri eta fondoak ikertzeko aukera izan dezaten". Ramon Martinen arabera, Larrañagak egindako lanak etorkizunean etor daitezkeen lanak egiteko "aurrera pauso handi bat" suposatu du: "Herritarrek beraien etxea edo familia zein den jakiteko aukera ematen du, baina baita beste batzuk ikerketa hurrengo maila batzuetara edo elementuetara zabaltzeko bidea ere eskaintzen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak