Gabonak BKEn: egutegi berria argazki zaharrekin, eta inoizko zozketarik bereziena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 10a, 16:24

Goiko argazkian, aurtengo Gabonetako saskia; behekoan, Agorrosin 1960ko hamarkadan. Argazkia: Bergarako Udal Artxiboa. Fermin Larrañaga.

Bergara Kirol Elkarteko futbol sailak Gabonetako kanpainaren berri eman du. Ezohiko kanpaina izango da pandemiak eraginda: 2021eko egutegia argazki zaharrez osatutakoa izango da, Gabonetako zozketa inoizko bereziena izango da eta gazte mailako Alfredo Najera memoriala suspenditu egin dute.

Iragarri dutenez, 2021eko egutegia berezia izango da aurten: "Pandemia egoerak behartuta, aurtengoan egutegi ezberdin bat argitaratuko du klubak. Talde argazkiak egiteko zailtasunak, artxiboko argazkietara jotzeko bidea ireki digu eta horretarako Udal Artxiboarekin elkarlanean aritu gara. Bertan argitaratuko diren argazki guztiak Udalaren fondoan gordetakoak dira, garai eta egoera ezberdinak uztartuz, betiere futbol munduan oinarrituak. Egutegi ezberdina izango da, jendearentzako erakargarria eta atzera begirada bat emateko baliagarria. Une esanguratsu eta argazki bereziak aukeratu dira jendearen gozamenerako". Egutegiak datozen asteetan banatuko dira jokalarien artean eta bazkideek Depor tabernan jaso ahalko dira.

Erakusketa erraldoi bat prestatzen

Adierazi dutenez, bigarren helburu bat ere badu ekimenak: "Herritar askok garai ezberdinetako dokumentu baliotsu mordoa dituzte euren etxeetan gordeta eta horiek guztiak batu nahi ditugu. Hau horrela, Bergarako herritarrei gonbidapena luzatzen zaie euren etxeetan izan ditzaketen futbol argazkiak Udal Artxibora eramateko. Bilduma osatuago batekin, 2022an erakusketa erraldoi bat egitea da asmoa, klubaren 70. urteurreneko ospakizunen barruan".

Gabonetako zozketa berezia

Gabonetako zozketako sariak Bidekurutzeta kaleko erakusleihoan daude ikusgai dagoeneko, Depor ondoan, eta txartelak salgai daude jokalarien artean eta Depor tabernan bertan. Zozketa, urtero legez, abenduaren 31n egingo da 20:00etan, Bidekurutzetako egoitzan. 30 eguneko epean ez bada irabazlerik erreserba zenbakira pasako litzateke saria.

Gabonetako zozketan honako sari hauek izango dira:  

  1. Gabonetako otar erraldoia + iPad-a
  2. Patinete Elektrikoa
  3. B The Travel Brand Opari Txartela
  4. Telebista
  5. Bergara Kirol Elkarteko materiala

BKEko materiala eskuratzeko aukera

Era berean, kamiseta, polo, txandal, jertse, motxila eta futbol poltsak jarri dituzte salgai Gabonetara begira. Interesatuak, Depor tabernan, posta elektronikoz bergarake@gmail.com helbidera idatzita edota kanpainako arduradunari deituz egin ditzakete eskaerak, 646 735 279 telefono zenbakian. Material dena Bidekurutzeta kaleko bulegoan (Depor ondoan) dago erakusgai. Eskaerak garaiz egitea eskatu dute, garai hauetan izaten diren eskaera pilaketak ekiditeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak