"Bergara hezitzaile baterako" lankidetza hitzarmena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 10a, 15:18

Udaleko eta Oinherri elkarteko ordezkariak, asteon, udaletxeko areto nagusian.

Bergarako Udalak eta Oinherri elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bergara herri hezitzailea izateko bidean jartzeko, Udal Gobernuak bat egiten duelako umeendako egokia den herri bat herritar guztientzat egokia dela dioen filosofiarekin; Udalak 4.000 euro bideratu ditu.

Azaroaren 30eko osoko bilkuran onartu zen –EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren zein PSE-EEren abstentzioarekin– eta asteon sinatu dute Bergarako Udalaren eta Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena.

Herri hezitzaileen filosofiarekin bat egiten du Udal Gobernuak eta hitzarmen honekin Oinherri elkartetik sustatzen ari diren herri hezitzaileen sarera gehitu da Bergarako Udala: "Bide bat egin nahi dugu elkartearekin elkarlanean, honek dituen helburu, printzipio eta lan ildoak Bergaran garatzeko".

Udalak 4.000 euroko diru-ekarpena egingo du eta, trukean, herri hezitzaile izatearen ikuspegiarekin lanean diharduten sareko beste herriekin esperientziak partekatu eta Oinherrik eskaintzen duen aholkularitza eta bide-laguntza jasoko ditu.

Hezkuntza, "denon ardura"

Gorka Artola alkatearen ustez, proiektuaren "indarguneetako bat" da esperientzietan oinarritzen dela eta bertako kide izateak aukera emango diola Udalari balio horietan oinarritutako politikak egiteko. "Baina ez hori bakarrik, Oinherriren lanarekin beste herrietako esperientzietatik ikasteko aukera ere izango dugu", gaineratu du.

Oinherriko ordezkari Maite Azpiazuren arabera, elkartearen helburua honako hau da: "Aldaketak hezkuntza ardura konpartitu bat bezala ulertzen hastean datza. Herria eremu hezitzaile moduan sustatuz eta herritarrei, eragile hezitzaile moduan, balioen hezkuntzan duten protagonismoa aitortuz. Haurrak txikitatik eskubidedun eta bete-behardun herritar bezala onartuz eta parte hartzea eguneroko ohitura bihurtuz, eurekin denontzako herri hobea eraikitzeko. Eta horretarako lan tresna nagusia herri hezitzaileen sareko herrietan burutzen ari diren esperientzia eredugarriak ezagutzera ematea, balioan jartzea eta elkartrukatzea izango da".

Umeak, subjektu aktibo gisa

Gazteria zinegotzi Ekaitz Aranberri sinistuta dago oso proiektu interesgarria dela: "Umeak eta nerabeak subjektu aktibo bezala ikusten ditugu guk ere eta hori txertatu nahi dugu aurrerantzean egingo ditugun politiketan, eta horretarako, lagungarria izango zaizkigu Oinherri elkartearen ezagutza eta lana".

Oinherriren arabera, herritar guztiak berez hezitzaileak dira, eta honako printzipio hauek defendatzen dituzte: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, umeei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailearen eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea; eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Tonucciren 'Haurren hiria'

Oinherri ekimena euskararen, hezkuntzaren, kulturaren eta aisialdiaren inguruan lan egiten duten Euskal Herriko hainbat elkartek eta eragilek osatzen dute: "2012tik, teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, parte hartzea sustatuz, eta balio hezitzaileak hedatzeko helburuarekin, herri hezitzaileen filosofia ereiteko lanean dihardugu", adierazi dute.

Francesco Tonnuci psikologia ikerlari italiarraren Haurren hiria izeneko liburua ezinbesteko lana da herri hezitzaileen filosofia ulertzeko; Tonucci bera Arrasaten izan zen 2013ko maiatzean, liburuaren euskarazko bertsioaren aurkezpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak