Bergarako Musika Eskolako ikasleak izan dira Maitane Suinaga, Eider Elorza, Alazne Suinaga eta Uxue Garitano biolin eta biolontxelo jole gazteak, eta, hain zuzen ere, Bergaran eskainiko dute emanaldi "oso berezia" bezala kalifikatu duten ikuskizuna. Euskal kondairak musikarekin kontzertuak lau gazte bergararren musika gaitasuna eta Toti Martinez de Lezea idazlearen testuak uztartutako ditu, euskal kondaira tradizionalak eta askotariko musika piezak oinarri dituela.
Bergarako Udalaren Kultura Zerbitzuak eta Bergarako Mu-sika Eskolak lagunduta, abenduaren 11n eskainiko dute emanaldia, Seminarixoan, 19:00etan, eta, azaldu dutenez, musika eta istorioak txandatuz antolatu dute emanaldia: "Toti Martinez de Lezeak bere liburuko kondairak kontatuko ditu kontzertuan, eta bakoitzaren amaieran laukoteak musika pieza bat joko du, kondaira bakoitzarentzat bereziki aukeratutakoa".
Liburua oinarri hartuta
Kontzertuan zehar agertuko diren kondairek Martinez de Lezeak eta Juan Luis Landa ilustratzaileak 2004. urtean argitaratutako Euskal Herriko leiendak liburua dute oinarri. Bertan ageri dira, besteak beste, Anbotoko Mariren istorioa eta Arrasateko dragoiaren kondaira; betiere, Martinez de Lezeak moldatutako kontakizunarekin.
Musika piezak kondaira bakoitzera moldatuak izan direla azaldu dute: "Galtzagorrien kondaira kontatzen denean, esaterako, Mary Young and Fair Eskoziako kanta tradizionala joko dute musikariek; pieza oso azkarra da, eta oso aproposa kondaira horretarako".
Toti Martinez de Lezea idazleak Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxean egindako zenbait saiotatik sortu zen kontzertua garatzeko ideia, eta, aitortu dutenez, musikari gazteak "oso pozik" daude aukerarekin: "Txikitatik ezagutu izan dituzte Totiren liburuak, eta ilusio handiz prestatu dute emanaldia".
Sarrerak salgai dagoeneko
Jakinarazi dutenez, COVID-19ak ez die utzi era presentzialean nahi besteko entsegurik egiten, eta, hortaz, kontzertua eskaini aurretik ere batuko dira azken ukituak emateko. Sarrerak "martxa onean" saltzen ari direla azaldu dute, zortzi eurotan, Kutxabank.es-en, eta Seminarixoko txarteldegian eguenean (18:00-20:00) edo ikuskizuna baino bi ordu lehenago.