Bergarako Udalak antolatuta, abenduaren 3an Seminarixoan izango da Hezurbeltzak hirukotea, 19:00etan. Musika eta testua uztartzen dituen ikuskizuna da Hezurbeltzak, eta Jon Maia bertsolariak, Piti gitarristak eta Gorka Hermosa akordeoi joleak hartzen dute parte bertan. ELE! Lorca-Lauaxeta antzezlanean elkarrekin lan egin ostean eta 30 saio baino gehiago elkarlanean eginda, "oso harreman ona" sortu zen egun Hezurbeltzak-eko kide direnen artean. Erlazio horri jarraipena emanez jaio zen Hezurbeltzak taldea; 2018an argitaratu zuten izen bera duen eta Bergaran ikusgai egongo den ikuskizuneko bizkarrezur izango den diskoa.
Sentimenduz eraikia
Ikuskizuna kontzertu soil batez "harago" doala azaldu du taldeko kide Jon Maiak: "Migrazioaren gaian zentratu ginen taldearen lehen uneetan, kanpotik etorritako senideak izanda; gu euskaldunak gara, euskaraz kantatzen dugu eta integrazio historia horren bueltan egin genituen lehen kantuak". Hala ere, Maiak aitortu du gai horretaz kanpo ere denetariko kantuak egin dituztela.
Identitateari buruzko kantuak direla azaldu du Maiak, eta, hein handi batean, aurreko belaunaldiek egindako esfortzuei aitortza bat dela: "Gure gurasoek egin bezala, milaka izan ziren Extremaduratik, Galiziatik eta Gaztelatik Euskal Herrira etorri eta esfortzu bat egin dutenak, hurrengo belaunaldiak euskaldunak izan zitezen". Taldearen izena ere omenaldi gisa erabaki zutela azaldu dute, "koreano, mantxurriano edo hezurbeltz izan ziren guztien omenez". Sentimendu askorekin egindako emanaldia dela zehaztu dute, eta herritarrak hunkituta irten ohi direla askotan; aldi berean, baina, umore handiz jorratutako kantuak direla azaldu du Maiak.
'Abuelo' guztiei aitortza
Ikuskizunean zehar bada pisu berezia hartzen duen figura bat, aitona-amonena, abuelo eta abuela guztiena: "Euskal Herrian askok ez ditugu aitona-amonak, abueloak eta abuelak ditugu. Badakigu euren herrietatik ekarritako ohiturei esker garela gu gaur egun euskaldun. Oso kontziente gara zenbat zor diegun eta zer indar izan zuten hutsetik Euskal Herrian bizitza berri bat hasteko".
Euskal Herriko "milaka familiaren historia" dela adierazi du Maiak, jende asko identifikatuta sentitzen dela kantuek kontatzen dutenarekin. "Beti saiatzen gara emozioekin jokatzen. Jende asko hunkituta ikusten dugu, negarrez, baina baita barre asko egiten. Uste dut emozio handiko emanaldia dela, ez da ohiko formatua. Esango nuke beste era batera aurkezten ditugula kantuak".
"Oholtzara irten"
Maiak aitortu duenaren arabera, "barne gatazka bat" bizi izan zuen: "Nik orain dela 23 urte egin nuen publiko nire familia kanpotik etorri zela; nik ere konplexu asko nituen, barne gatazka bat bezala nuen gai horrekin, ez nekien nola kudeatu euskalduna sentitu, herri honen eskubideen alde borrokatu eta kanpotik etorritako familia izatea".
Lehenengoz izango dira Hezurbeltzak taldeko kideak ikuskizunarekin Bergaran, "Euskal Herrian milaka eta milaka pertsonaren kasua islatzen duen gaiarekin". Kontuok oholtzara ateratzea "ona" dela dio Maiak, halakoak publikoki adieraztea: "Are gehiago, musikarekin, umorearekin eta sentimenduarekin landutakoa bada".