Telesforo Aranzadiren gaineko hitzaldia bertan behera utzi dute

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 14a, 10:18

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Azaroaren 26an ziren egitekoak Telesforo Aranzadi Unamuno. Ciencia y memoria histórica. Bergara 1860 - Barcelona 1945 hitzaldia Pako Etxeberria, Fermin Leizaola eta Alvaro Arrizabalaga baina bertan behera uztea erabaki dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Bergarako Udalak.

ZTB jardunaldien baitan eta horiei amaiera emateko hitzaldia izan behar zen. Udaletik adierazi dute interesa piztu duela "bai gaiagatik eta baita bertan parte hartzekoak ziren hizlariengatik ere". Aranzadi elkartearen batzarrak eta Bergarako udalak gaia aztertu ondoren, "baldintza egokirik ez dagoela ikusita" utzi dute bertan behera; izan ere, online formatua "ez zela egokia" ondorioztatu dute parte-hartzaileen profila ikusita. Hala, oraingoz, astelehenean emango dituzte amaitutzat 2020ko ZTB jardunaldiak Irantzu Varelak eskainiko duen hitzaldiarekin: Emakumeendako autodefentsa digitala.

Telesforo Aranzadi ezagutzen

Telesforo Aranzadi Unamunoren heriotzaren 75. urteurrena dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Bergarako Udalak Euskal Herriko antropologiaren eta arkeologia zientifikoaren aitzindaria izan zena omentzeko ekitaldi akademikoa izan behar zuen hitzaldiak.

Bergarar ospetsu hori ezagutzeko argibide batzuk ere eman gura izan dituzte: Aranzadi mikologiako, natur zientzietako eta etnografíako ikerketetan aitzindari izan zen; giza populazioaren eta euskal hizkuntzaren jatorria aztertu zuen, eta trikuharri eta haitzuloetako lehen indusketa arkeologikoetan parte hartu zuen. Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorrera bultzatzen ere jardun zuen eta baita euskal unibertsitateranzko lehen ekimenetan ere. Bartzelonan Antropologiako katedraduna izan zen eta, erregimen frankistak baztertuta, bertan hil zen 1945ean. "Zientzia eta ikerketa bultzatu zuen belaunaldi bikain baten ordezkaria izan zen Telesforo Aranzadi, erregimen frankistak beren ibilbidea hautsi zien belaunaldi baten ordezkaria", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak