Goienagusiren ekarpena areagotu du pandemiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 14a, 09:13

Jon Garcia del Val, Aitor Moreno eta Iñigo Zubizarreta, eguazteneko saioan.

Ikasturte hasieratik gaur arte aurreikusita zituzten bederatzi saioekin aurrera egin dute Goienagusiko elkartekoek eta hitzaldiok modu telematikoan jarraitzen dituzten bazkideen zein herritarren kopurua gorantz doa. Asteon, esaterako, 1930eko hamarkadako jazza izan dute hizpide, zuzeneko eta guzti.

Urriaren 7an ekin zion Goienagusik 2020-2021 ikasturteari, eta lehen hiruhilekorako antolatu dituzten hemeretzi ekitaldietatik erdira iritsita, bat bera ere ez dute bertan behera utzi. "Oso zorrotzak ari gara izaten COVID-19ari aurre egiteko neurriekin, eta bazkideek ere oso serio hartu dute. Adineko pertsonak gara, arrisku taldekoak, baina garapen interesgarri baterako aukera eskaini nahi dugu, betiere osasun baldintza guztiak beteta; egin behar den guztia egiten dugu kutsatzeak ekiditeko", dio Goienagusiko presidente Lydia Fernandez de Lucok.

Txipa aldatu, eta aurrera

Bazkide askok txipa aldatu behar izan dutela gaineratu du, hala ere: "Pandemia aurretik bazkide askok baliatzen zituzten saioak elkarrekin egoteko. Gure helburu nagusia ikastea eta hausnarketa eragitea dira, baina saioak beti baliatu izan ditugu sozializatzeko ere. Horregatik, lehen saioan talderen bat sortzea logikoa da. Baina orain, hori ezin da egin, eta ez dugu egiten. Bazkideek berehala barneratu dute, fin-fin". Gainera, herri batetik bestera mugitzeko ziurtagiriak banatu zaizkie bazkideei, mugimendu akademiko gisa justifikatuta.

Ekitaldi guztiekin aurrera egin dute, baina, bereziki, urriko azken asteburuaren ostean, "zalantza asko" izan zituzten aurrera egin edo ez erabakitzeko. "Urriaren 28an, eguaztena, Juanjo Alvarezekin genuen saioa eta zuzenean deitu egin genion, dagoeneko harremana badugu-eta. Komentatu genion ez genekiela zer egin, guk jarraitu nahi genuela, baina bazirudiela dena itxiko zutela. Alvarezek berak, dekretua osorik irakurri ostean, esan zigun baldintzak betetzen genituela gure jarduerarekin jarraitzeko", zehaztu du Fernandez de Lucok. Orduan, zuzendaritza batzordea elkartu eta erabaki zuten aurrera egitea: "Arrasateko edo Bergarako udalek baimena ematen diguten artean, programarekin jarraituko dugu".

Hitzaldia eta kontzertua asteon

Eguaztenean bertan hitzaldi bat eta zuzeneko kontzertu berezi bat izan zuten Seminarixoan, Jon Garcia del Val Arrasate Musikaleko irakaslearen eskutik. 1930eko eta 1940eko hamarkadetako jazza izan zituen hizpide arrasatearrak, New Yorken sortutako swing estiloan zentratuta. Hitzaldiaren ondoren, gainera, kontzertu labur bat eskaini zuen Arrasateko bi lagunekin batera: Aitor Moreno –kontrabaxua– eta Iñigo Zubizarreta – gitarra–. Hain zuzen, hilaren 25ean beste saio bat gidatuko du Garcia del Valek, 1940ko hamarkadako jazzaren barruko bebop estiloaz aritzeko; orduan ere ez da zuzenekorik faltako, eta, Morenorekin eta Zubizarretarekin batera, Zigor Martinez bergararrak klarinetea joko du.

'Streaming'-aren garrantzia

Goienagusiko presidente Lydia Fernandez de Lucok dio pandemia betean ere antolatzen ari diren saioak oso arrakastatsuak izaten ari direla: "Gaurkoa [eguaztena] 60 lagunek jarraitu dute modu presentzialean eta 40 lagunek streaming-etik; guztira, 100 lagun. Egungo egoera ikusita, oso zenbaki onak dira".

Arrasateko eta Bergarako saioak aintzat hartuta, urriko asistentziaren batez bestekoa da 70 lagunek bertatik bertara jarraitu dituztela saioak eta 10 lagunek, berriz, online: "Gero eta bazkide gehiago dira streaming-aren aukera baliatzen dutenak, eta asko ikasten ari dira. Uste dugu garrantzitsua dela aukera hori eskaintzea; are gehiago, kanal bat sortu dugu Youtuben, orain arteko saioak nahieran ikusteko, eta dagoeneko bisita askotxo dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak