Ur Berraondo: "Aurten Kopa jokatzeko aukerak ditugula uste dut"

Jone Olabarria 2020ko aza. 13a, 16:34
Ur Berraondo bergararrak bi denboraldi daramatza lehen mailan lehiatzen.

Ur Berraondo 17 urteko bergararra Metropolitano hockey taldeko Lehen Mailako jokalaria da. Bere adinari dagokion zilarrezko kategorian ere lehiatzen da; bietan Bilboko Metropolitano taldearekin.

Bigarren denboraldia du Ur Berraondo (Bergara, 2003) patin gaineko hockey jokalariak lehen mailan lehiatzen. Bergarako Burdinola taldean lehen pausoak eman ostean, hainbat denboraldi daramatza Bilboko Metropolitano taldearekin; azken biak, gorengo mailan. Era berean, bere adinagatik dagokion zilarrezko mailan ere lehiatzen da Berraondo, Metropolitano taldearekin hor ere.

Lehen mailan aritzen zara; zer moduz zabiltza?

Hemen inguruan lehen mailan aritzen den talde bakarra da Metropolitano taldea. Bilbokoa da, eta, hortaz, han entrenatzen gara. Astean hirutan joaten gara, gurasoek eramanda. Taldean bada Bergarako beste jokalari bat ere [Josu Otadui atezaina], eta txandakatuz joaten gara autoa eramateko. Partidak, baina, kanpoan izaten dira; asteburu honetan, esaterako, Kanariar uharteetan dugu partidua, eta joan den asteburuan, adibidez, Oropesan (Castello) izan genuen. Eskola egunik ez dugu galtzen, baina maila honek apur bat zailtzen ditu eskola kontuak.

Zilarrezko mailan ez duzue denboraldia hasi, baina nola doa lehen mailakoa, oraingoz?

Une honetan, nik bi kategoriatan jokatzen dut, zilarrezko kategorian ere banabil, nahiz eta oraindik ez dugun partidurik jokatu. Lehen mailan, baina, partiden erdiak jokatu ditugu dagoeneko; bi talde daude eta bi talde horietako lehen hiru sailkatuek Kopa jokatzen dute, eta ostean, play-off-a. Uste dut Kopa jokatzeko aukerak baditugula aurten, eta gerorako play-off-a ere ikusteko dago. Gaur-gaurkoz, gure taldetik hirugarren sailkatuak gara; asteburuan taldeko lehen sailkatuaren aurka lehiatuko gara. Iaz Kopa irabazi zuen taldea da, etxean jokatu genuenean irabazi egin genien; hortaz, ikusteko dago.

Espainiako Federazioak antolatutako teknifikazio campusetarako deia jaso zenuen...

Autonomia erkidego bakoitzetik bi edo hiru jokalari aukeratzen dira, autonomia bakoitzak duen jokalari kopuruaren araberakoa izaten da. Nire kasuan, bi urtez joan naiz Espainiako selekzioak antolatzen dituen  saio horietara. Teknifikazioa lantzen da, gehienbat, hautatzailearekin harremanetan jarri eta apur bat elkar ezagutzeko oso lagungarriak dira. Euskadiko Federazioarekin ere izan nintzen aurretik, baina, kasu horretan, infantil mailara arte dago aukera hori.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Entrenatzaile izateko kurtsoa ateratzen nabil eta epaile izateko formakuntza ere justu orain atera berri dut. Datorren ikasturtera begira, Bilbon ikasten badut, Metropolitagorekin jarraitu nahiko nuke. Bestela ere, Burdinola taldean entrenatzaile jardun edo taldeari lagundu nahiko nioke.

Nolako harrobia dago Bergaran?

Laguntzen egoten naiz, eta harrituta geratu nintzen dagoen haur kopuruarekin. Hala ere, baliabideak falta dira; orain, kiroldegia obretan dago eta desabantaila izugarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak