Igerilekuko abenturak hausnarketarako tresna 'Urpekakariak' haur antzezlanean

Jone Olabarria 2020ko aza. 13a, 12:18

Galtzerdik eta Leotardok abentura ugari biziko soroslearen begiradapean.

Lanku Kultur zerbitzuak-ek haurrentzako 'Urpekakaria' lana ekarriko du bihar Seminarixora. Aissa intxaustik eta Eneko Arratek antzeztutako piezak ikuslerik txikienen sentsazioak azaleratuko ditu, eta gai askoren gainean hausnartzera animatu

Bihar, azaroak 14, iritsiko da Seminarixora Urpekakariak haurrentzako antzerkia, 18:00etan. Lanku Kultur Zerbitzuak-en eskutik, Galtzerdi eta Leotardo protagonista dituen antzezlanak igerilekuan topo egin duten lagunen abenturak kontatzen ditu.

Ur azpiko kontuak, azalera

Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzitako gidoia jarraituz, bihurrikeria ugari taularatuko dituzte Aissa Intxaustik eta Eneko Arratek bizitza ematen dieten protagonistek: "Ur bazterrean erdi gogaituta daudela, bihurrikeria bat otuko zaie: zergatik ez hondoko tapoia aurkitu eta igerilekua hustu?"

Hala, eskura dauzkaten gauzekin urperatzeko jantzia prestatu eta isurbidearen bila abiatuko direla azaltzen du Lankuk. Dena den, igerilekuan oztopo bat aurkituko dute bi umeek euren ur azpiko abenturan: denbora guztian eurak zelatatzen ari den sorosle petrala saihestu beharko dute.

Hausnarketarako pieza

Protagonistek askotariko sentsazioekin egingo dute topo igerilekuan daudela – arintasuna, itomena, plazera, hozkirria...– , eta, hain zuzen ere, "gogoeta txiki bat egiteko aukera" emango die sentitu eta ikusten ari diren guztiak: "Murgilaldian zehar etengabe egingo dute topo beren gorputzekin; bakoitzak berearekin, hala nola lagunarenarekin edo igerilekuko gainontzeko erabiltzaileenekin: umeak, helduak, adinduak, aniztasun funtzionala duten igerilariak...". Igerilekuan protagonismo berezia izango dute, Galtzerdi eta Leotardorekin batera, aulki gurpildunean dabilen Urepel igerilari abilak eta adineko emakume batek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak