Jaurlaritzak diru publikoarekin egin duen kudeaketa salatu du Sortuk

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 7a, 14:57

Sortuk mobilizazioak deitu ditu hainbat herritan; tartean Bergaran eta Arrasaten. Bertan, Jaurlaritzaren kudeaketa salatu dute, eta diru publikoa "gastu publikoetarako" erabili dadin eskatu dute.

Arrasateko Sortuk salatu du pandemiak eragindako krisiaren ardura "herritarrengan" jarri nahi duela Jaurlaritzak, baina ardura hori "haiena" dela: "Ardura nagusia  etxeko-lanak egin ez dituzten gobernuena da. Ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan,  hezkuntzan eta laguntza sozialetan. Kontrara, koronabirusa gainditutzat eman dute erlaxamendu orokorra  bultzatuz, interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan". 

Azken ideia horri lotuta, salatu dute ez dela diru publikoa behar bezala kudeatu: "Ez dezatela esan dirurik ez dagoela, zeren badago. Esaterako aurten, Eusko Jaurlaritzak AHTan  pandemiaren kontra borrokatzera bideratutakoa baino miloi bikoitza bideratuko du". Bestetik Sortuk eskatu du osasunean inbertsio publikoak biderkatzeko , eta sektore sozial eta ekonomiko "kaltetuenak" babesteko  laguntza ekonomikoak biderkatzeko. "Krisi hau ezin dugu betikoek  ordaindu", esan dute mobilizazioan. 

Arrasateko aurreko asteburuko istiluak, hizpide

Aurreko larunbtaeko gertakariak gogorarazi dituzte gaurko mobilizazioan, eta eskuin muturrari egotzi dizkiete: "Aurreko larunbatekoa bezalako deialdia zabalduz, eskuin muturra antolatu gabe dagoen herri  batean, egoerak eragindako ezinegon eta frustrazioak beraien interesen alde erabili nahi izan dituzte". Sortuk azpimarratu du eskuin muturrak pandemiak eragindako krisia baliatu nahi duela "bere agenda indartzeko".

"Megaproiektuei" salaketa, Bergaran

Osasun zerbitzuak, ikastetxeak eta Bergarako komertzioak eta enpresa txikiak "itotzeko zorian" daudela azaldu dute Bergarako Sortuko kideek, eta salatu dute EAJ diru publikoa "megaproiektuetan" erabiltzen ari dela, eta ez osasun publikoan eta hezkuntzan. Arrasaten bezala, horren adibide gisa jarri dute, aurten, Abiadura Handiko Trenaren lanetan,  pandemiari aurre egiteko baino diru gehiago erabiliko dela; esan dutenez, zehazki bikoitza izango da AHTrako gastua. Bide horri jarraituz, azpimarratu dute aurten ez dela iaz baino inbertsio handiagoa egin osasun publikoan eta hezkuntzan: "Diru publikoa eta Europatik iritsiko diren laguntzak megapropiektuetan erabiltzen ari dira (AHT, Errauskailua, Supersur, Donostiako Metroa), diru publikoa multinazionalei oparituz, eta komertzioei eta ostalaritzari miseria bakarrik eskaintzen diote, langile klasearen bizi eta lan baldintzak okertuz".

Bestetik, iritzi dute diru publikoa zerbitzu publikoetarako erabili behar dela: "Langile klasearentzat, pentsioetan, komertzioan eta beharra duten enpresa txikientzat erabili behar da da dirua, eta baita Osasun sistema publikoa indartzeko ere".  

Sare komunitarioak, "aurrera egiteko"

Hurrengo aste eta hilabeteak "gogorrak" izango direla azaldu du Bergarako Sortuk. "Mobilizatzeko eta zaintzeko garaiak izango dira, mobilizatu beharra daukagu bestela gure gainetik, gure eskubideen gainetik pasatuko direlako", gehitu du. Hala, horren aurrean, datozen egun eta asteetan zaintza sare komunitarioak antolatzeko ahalegina egingo dutela esan dute, herriko norbanako eta eragileekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak