Mireia Gabilondo ('Erlauntza' filmeko zuzendaria): "Ahal dugun bitartean, lanean jarraituko dugu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 6a, 09:35

Mireia Gabilondo, eguaztenean Donostian egin zuten aurkezpenean. Argazkia: Tentazioa.

Izen bereko antzezlanean oinarritutako filma estreinatuko dute gaur, egubakoitza, aretoetan; Amaia antzokian asteburuan izango da, datorrenean Oñatin eta hurrengoan Aretxabaletan.

Uztailean grabatu zuten, hamalau egunetan, Fikan (Bizkaia); bi bertsio egin zituzten: euskaraz eta gazteleraz. Mireia Gabilondo bergararrak bakarka zuzendu duen bigarren film luzea da Erlauntza.

Estreinatzeko gogoz?

Pozik nago; jendeak ikusteko gogoa dut. Bakardadean denbora asko egin dut muntatzen, eta iritziak jasotzeko irrikaz nago.

Kazetarien eta arloko profesionalen aurrean erakutsi duzue. Zer moduz?

Bilbon eta Donostian aurkeztu dugu astean, eta, orokorrean, oso ondo hartu dute. Sorpresa txiki bat izan dela uste dut.

Garai zaila bizi dugu; estreinaldietarako aproposak?

Tokatzen zaigun garaia, ez dago besterik; akaso, aproposagoak egongo dira, baina gure erabakia izan da filma egitea eta orain estreinatzea.

Zain egon barik, aurrera egitea da bide bakarra?

Hori da bidea, nire ustez; gelditu behar badugu, geratuko gara, baina, bien bitartean, aurrera jarraitu beharra dago.

Zer esango zenioke publikoari?

Ordu eta erdi irauten duen komedia bat da, eta ikustera etortzeko. Pertsonaia batekin ez bada, beste batekin identifikatuko zaretela seguru nago. Garaiak halakoak dira, eta komedia bat ez dago gaizki giroa gozatzeko.

Zer dela-eta okurritu zitzaizuen antzezlana film bilakatzea?

Kepa Errastik idatzitako gidoian oinarrituta dagoen antzezlana orain dela bi urte estreinatu genuen, eta antzokietan jarraitzen du oraindik ere. Orain dela urtebete, film bat egiteko aproposa zela pentsatu genuen, eta gidoia moldatzen hasi ginen Kepa eta biak. Dirulaguntza eskatu genuen, baina ez genuen jaso, eta tiraderan gordeta geratu zen gidoia; baina konfina-menduan, orduan zela filma egiteko momentu aproposa erabaki genuen. Aktoreak ados zeuden, talde tekniko txiki bat osatu genuen, eta toki bakarrean grabatu genuen guztia.

"PERTSONAIA BATEKIN EZ BADA, BESTEAREKIN IDENTIFIKATUKO DIRA IKUSLEAK"

Ondo moldatzen zarete elkarrekin lanean Kepa eta biak, ezta?

Bai, hala da; gidoia bion artean moldatu genuen, eta errodajean egunero egon zen gurekin. Gauzak antzerako ikusten dituzunekin lan egitea polita da.

Antzezlana ikusi duenarentzat izango da berrikuntzarik filmean?

Zer edo zer ezberdina ikusiko duela esango nuke, nahiz eta istorio bera eta pertsonaiak zein aktore berak izan. Egokitzapen bat egin dugu filmerako, espazio txiki berri bat agertzen da filmean, eta horrek gauzak apur bat aldatzen ditu.

Bi bertsio grabatu dituzue. Zergatik?

Antzerkian ere hala egin genuen. Bi bertsio original nahi genituen, gero azpitituluak ipini beharrean edo bestelako ekoizpen gehiago egin barik. Sekuentziaka grabatzen genuen; hizkuntza batean lehenengo, eta ontzat emandakoan beste hizkuntzan grabatzen genuen segidan. Aktoreek testua bi hizkuntzatan zekiten, eta, horregatik, azkar grabatu genuen.

Fernando Velazquezek eman dio azken dirdira musikarekin.

Jende askok deitu zigun laguntzeko gogoz, eta horien artean Fernandok. Gure asmoa ez zen soinu banda egitea, kantu batzuk bakarrik sartzeko asmoa genuen, hasiera batean, baina Velazquezen proposamena onartu genuen, nola ez. Kolore politak ematen dizkio musikak filmari, komediari laguntzen dio eta intriga pixka bat ere ematen dio... Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu du; hortaz, luxua.

Laster estreinatuko duzuen Sisiforen paperak antzezlanarekin ere buru-belarri ari zara. Zer moduz?

Oso gustura! Hamabi aktore gara, Fernando Bernuesek zuzendu du eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera du ardatz.

Erlazionatuak

'Erlauntza' filma, egubakoitzean estreinatzeko prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020 aza 04 Aretxabaleta   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak