Garbiñe Insausti: "Istorio unibertsal bat kontatu nahi genuen"

Jone Olabarria 2020ko urr. 30a, 11:07

Helduentzako Nazioarteko txotxongiloen Mostraren baitan, kulunka euskal konpainiak 'André eta Dorine' lana eskainiko du bihar Seminarixoan, 19:00etan. Hainbat urtez nazioartean aritu ostean, bakardadea eta adinekoak protagonista dituen lanarekin dator Kulunka konpainia.

Zer topatuko du bihar Seminarixora gerturatzen den ikusleak André eta Dorine lanean?

Bizitza osoa elkarrekin pasa ostean alzheimerraren gaixotasunari aurre egin beharko dion bikote baten istorioa du ardatz lanak. Umorearekin eta sentsibilitate askorekin kontatuta dago, eta gaixotasunak behartuta iraganeko uneak gogoraraztera behartuta ikusten dute euren burua: nola maite zuten elkar, igarotako uneak... Horrek euren arteko harreman berri bat sortuko du.

Alzheimerra eta bakardadea ditu ardatz; hala ere, ez da lehen aldia gai hauek lantzen dituzuena.

Alzheimerraren gaia tratatzea ez zen hasierako erabakia izan. 80 urtetik gorako bikote batek bere buruaz beste egitea erabaki zuela irakurri genuen, elka-rrekin hiltzeko, elkarrekin egoteko. Lanean ez da haien historia kontatzen, baina, bertatik abiatuta, adineko pertsonen amodiozko istorio bat kontatzeko beharra sortu zitzaigun. Adineko protagonistak ez dira oso maiz ikusten agertokian, eta guk sentsibilitate handia izan dugu beti halako kontakizunekiko. Kulunkaren Solitudes lana ere familia batean kokatzen da eta protagonista aitona da. Bere bakardadea eta etxeko kideen arteko inkomunikazioa da ardatza, nahiz eta gainerako kideen historia ere kontatzen duen, nor bere problematikarekin.

Hitzik gabe eta maskarak protagonista dituen lan bat da...

Historia unibertsal bat kontatu nahi genuen, eta horretarako argi genuen hizkuntza unibertsal bat erabili behar genuela. Jendeak, agian, maskara eta hitzik gabeko ikuskizuna entzun eta zenbait aurreiritzi izan ditzake, ulertuko ez duelakoan edo...Herritarrak animatu nahiko nituzke aurreiritzi horiek alde batera laga eta gerturatzera; oso garbi ulertzen den istorio bat da, oso erraz sentitu gaitezke identifikatuta edozein pertsonaiarekin. Hogeita hamar herrialde ezberdinetan izan gara lan honekin eta harrera oso gozoa izan dugu.

Hain zuzen, Txotxongilo Mostrakoek aitortzen zuten pandemiak eraginda izan dela posible zuek aurten Bergaran egotea...

Duela hamar urte estreinatu genuen lana eta ordutik hona herrialde askotan egon gara, ia 600 funtzio eskaini ditugu. Egia da etxean aritzeko ez dugula aukera askorik izan, baina guretzat beti da pozgarria gurean aritzea. Hemen aritu ginenean 2012. urtea zen; orain, hainbeste urteren ostean, gurean berriz aritzea oso berezia da. Etxean sortu genuen obra hau ere, eta berriz ere dena hasi zen lekura itzuliko dela sentitzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak