Bergarako Udalak hainbat neurri hartu ditu, Jaurlaritzak ofizialki gune gorrian daudela jakinarazteke

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 23a, 19:10

Gaur, urriak 23, Bergarako Larrialdi Mahaiaren bileran hartutako neurrien artean daude merkatu txikia suspenditzea, baserritarren azokan edukiera murriztea eta asteleheneko taldeko kirolak, hasiera baten, suspenditzea. Bergarako intzidentzia kopurua 100.000 biztanleko 533,19koa izanda eta gune gorrian egon arren, Jaurlaritzak dekretu batean edo ofizialki jakinarazi arte, ez zaio aplikatzen egoera epidemiologiko larria duten herrietarako egindako dekretua. 

Esandako moduan, Bergarako Udaleko Larrialdi Mahaiak honako neurri hauek hartu ditu:

-Merkatu txikia bertan behera utzi da, herritik kanpoko pertsonen etorrera saihesteko. 
-Baserritarren azoka edukiera murriztuta egingo da eta beharrezko osasun eta segurtasun neurriak hartuta. 
-Taldeko kirolak: hasiera baten, asteleheneko jarduerak bertan behera utziko dira. Asteburuan aztertuko da egoera eta astelehenean erabakiko da. 

Hala ere, kontuan hartu behar dira Eusko Jaurlaritzak EAEn emandako aginduak eta gomendioak. Hau da, topaketak sei pertsonetara mugatzea gomendatzen dela, edukierak %50 murriztuko direla eta ostalaritzak 00:00etan itxi beharko duela, besteak beste. Udalerria modu ofizialean egoera epidemiologiko larria duten herrietako zerrendan sartzearekin batera –gune gorrian, alegia–, ostalaritzak 21:00etan itxi beharko du. Udaltzaingoak eman die honen berri dagoeneko ostalariei. 

Gorka Artola: "Harreman sozialak ahal bezainbeste murriztu behar ditugu"

Bergarako udalak herritarrei eskatu nahi die zentzuz eta elkartasunez joka dezaten une honetan eta egindako gomendioak aintzat har ditzaten. "Une delikatua da hau, inoiz baino beharrezkoa da osasuna zaintzea, harreman sozialak ahal bezainbeste murriztea eta higiene neurriak betetzea. Ahalegin berezia egitea eskatu nahi diet bergararrei, orain har ditzakegun prebentzio neurriek etorkizunaren balantza alde batera edo bestera joatea ziurtatu baitezakete", Gorka Artola alkatearen esanetan. 

Asteburuan egoeraren jarraipena eginda beharra egongo balitz, edota aldizkari ofizialean argitaratuko balitz Bergara egoera epidemiologiko larrian dagoela, berriz batzartuko da larrialdi mahaia eta bertan erabakiko da neurri berriak hartu behar diren eta zeintzuk. Bestela ere, astelehenean bilera egingo du. 

Osoko bilkuraren formatua ere, erabakitzeke

Astelehenean egitekoa den udalbatzaren osoko bilkura, printzipioz erdi-presentziala izango da. Udalbatzako kide batzuk udaletxean egongo dira eta beste batzuk modu telematikoan parte hartuko dute osoko bilkuran. Asteburuan egoera aldatuko balitz, hori aztertu eta telematikoki egitea aztertuko dute. Edozein kasuetan, herritarrek ohikoa den moduan, telematikoki jarraitzeko aukera izango dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak