Kasuen gorakada dela eta, "osasuna zaintzeko neurriak" hartzeko eskatu die Udalak bergararrei

Jone Olabarria 2020ko urr. 22a, 16:57

Azken bi asteetako joerarekin jarraituz gero, "laster" aurreikusten du udalak 500 kasuetan jarrita dagoen larritasunaren langaren iristea. Egoera horretan, "prebentzioa indartzeko" eta "bizitza soziala talde txikietara murrizteko"  eskatu die Bergarako udalak herritarrei.

Udalak helarazitako datuen arabera, Bergarako intzidentzia kopurua 100.000 biztanleko 439,88koa da eta gogorarazi dute Europako osasun agintariek ezarritako semaforo sistemaren arabera, 500 kasuetan jarrita dagoela larritasunaren langa; ordutik aurrera eremu gorrian sartzen dira herriak.

Neurriak zorrozteko deia

Egoera ikusita, Gorka Artola alkateak "prebentzioa indartzeko" eskatu die herritarrei: “Azken bi asteotako joera bere horretan mantenduz gero, laster egon gaitezke eremu gorrian. Horregatik, martxotik hona herritarrei ematen ari gatzaizkien gomendioak gogorarazi nahi dizkiegu". COVID-19aren krisia hasi zenetik bergararrek erakutsitako "prestutasuna" azpimarratu du: "pandemia hasi zenetik elkar zaintzarako duten prestutasuna erkausti dute, eta hori da hain zuzen eskatu nahi diedana. Norberaren burua zainduz ingurukoak ere zaintzea”.

Harreman sozialak murriztea

"Higiene neurriak zaintzea" eta "bizitza soziala talde txikietara murrizteko" eskatu die udalak herritarrei, "osasungintza arloko aditu eta agintariek gomendatzen duten moduan". Eskuak maiz garbitu, pertsonen arteko distantzia sozialari eutsi eta talde pilaketak ekiditeko deia egin du Udalak:  "Osasun arloko arduradunen esanetan arlo sozialean ditugun harremanetan ari dira ematen kutsatze tasa handiena, hortaz, harreman sozialak talde txikietan egitea eskatu nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak