Txotxongiloak, lanerako prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 24a, 10:14
Aurtengo Mostra Kataluniako Chapertons taldeak itxiko du, umorezko Rodó ikuskizunarekin. Argazkia: Taun Taun.

Helduentzako Nazioarteko txotxongiloen XV. Mostra egingo du Taun Taun teatrok, Udalaren laguntzarekin, urriaren 30etik azaroaren 1era; bost ikuskizun izango dira, eta antzerki bisuala, maskarak eta objektuak izango dira protagonista nagusiak.

Orain dela 29 urte antolatu zuten lehenengo helduentzako txotxongilo jaialdia, eta, harrezkero, Taun Taun Teatro taldeak erronkari eutsi dio, eta bi urtean behin eskaini dute Mostra herrian. "Egoera ona ez den arren, aurrera egiteko apustua egin dugu; izan ere, guk ere pandemiaren eraginez hainbat emanaldi galdu ditugu, eta badakigu, orokorrean, artiston egoera bera dela. Era berean, uste dugu halako ekitaldiak egoera triste honi aurre egiteko modu aproposa direla; hortaz, dena prest dugu hamabosgarren jaialdia egiteko", azaldu du Taun Tauneko Itsaso Azkaratek.

Atzerriko artistarik ez aurten

Jaialdiaren atzean lan handia dago, eta ia urtebete lehenago hasten dira egitaraua osatzen. "Aurrez lotutako gauza asko aldatu egin behar izan ditugu; adibidez, aspalditik genituen kanpoan egiteko hainbat ikuskizun hitzartuta, baina atzerriko artistak ekartzea orain arriskutsua da, eta penaz daudela adierazi digute, baina hurrengo jaialdietarako gorde ditugu. Euskal Herrikoak, Errioxakoak, Burgoskoak eta Kataluniako artistak izango dira aurten. Zorionez, baina, gauza txar askok alde ona izaten dute, eta pozik gaude, Hernaniko Kulunka taldea gurean izango delako. Aspaldi ari ginen eurekin harremanetan, baina, nazioarteko bira asko egiten dituzte, eta ezin agendan tokirik egin. Orain, Ameriketako Estatu Batuetan egon behar zuten, baina bira bertan behera geratu zaie eta Bergarara etortzeko aukera izango dute. Konpainia gaztea da, baina dagoeneko nazioarteko sari on asko eskuratu ditu"

Maskarak eta objektuak

Mutuak ez badira ere, hitz gutxiko ikuskizunak dira guztiak. "Antzerki bisuala da, askotariko objektuak erabiltzen dituzte gehienek, eta maskarak, esaterako, Kulunka taldekoek".

Istorioei dagokienez, aurreko aldietan moduan, denetarikoak daude. "Alzheimer gaixotasunaren gaineko hausnarketa egitera eramango gaituzte Kulunkakoek, drama eta komedia uztartzen dituen André eta Dorine ikuskizunarekin. Taularen gainean bakarrik egongo den El Patioko aktoreak objektu pertsonalekin betetako kontserba potoak eskuetan dituela bere aitonaren eta amonaren istorioak kontatuko ditu. Ez da barre egitekoa, baina oso polita da; 2016an izan zen Bergarako Mostran beste lan batekin eta harrera ona izan zuen. Kataluniako Chapertons taldea ere Bergaran egondakoa da, 2008an, Bomm lan dibertigarriarekin; 25 urteko ibilbidea dute, eta orain arte egin dituzten ikuskizun guztien laburpena biltzen duen Rodó barregarria dakarkigute aurten".

Beldurrezko eta fantasiazko istorioak gustuko dituztenendako, berriz, Markeliñe taldearen Psike gomendatu du Taun Taunekoak: "Arimen Gauerako, zapatuan, programatu dugu hori. Artista baten istorioa da, eta, estetikari dagokionez, kabaret zoro baten antza duela diote egileek. Markeliñekoak ere egon izan dira, baina publiko familiarrarentzako ikuskizun batekin".

Aurten, ezin da tailerrik eta bestelako ekimenik eskaini, baina badago bitxikeria bat, Tiritiscopio instalazioa. "Polita eta ezberdina da. Zortzi laguneko taldeetan, hiru minutu inguruko istorioa ikusteko aukera izango duzue, baina, horretarako, Burgosko Teatro Principalen sartu beharko duzue".

Sarrerak, dagoeneko erosgai

Kanpoko ikuskizunak doan dira, eta zortzi eurotan Seminariokoak. Eguenean 18:00etatik 20:00etara eros daitezke leihatilan eta Tickets.kutxabank.es atarian. –eguenean jarri zituzten salgai–. Kaleko ikuskizunetarako eserlekuak iritsiera ordenaren arabera banatuko dituzte.

Egitaraua

Urriaren 30etik azaroaren 1era askotariko ikuskizunak izango dira Bergaran gozagarri.

  • Conservando Memoria. El Patio Teatro (Errioxa). Urriak 30, egubakoitza, 19:00etan eta 21:00etan, Seminarixoan. Aktore batek bere aitona-amonen istorioa kontatzen du. Memoria kontserbatzearen garrantzia azpimarratzen du. Formatu txikian eginda, objektu asko erabiltzen ditu.
  • Titiriscopio instalazioa. Arawake (Castilla León). Urriak 31, zapatua, 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara, eta domekan, azaroak 1, 11:30etik 14:30era, San Martin Plazan. Eskalan eraikitako antzoki bat ikusi ahal izango da instalazio horretan. Estreinaldia da Euskal Herrian.
  • André eta Dorine. Kulunka Teatro (Euskal Herria). Urriak 31, zapatua, 19:00etan, Seminarixoan. Andre eta Dorine utzikerian erori dira; adindun bikotea dira. Zerbait gertatuko da, eta horrek izan zirena gogoratzera behartuko ditu. Drama eta komedia, bizitza eta heriotza lantzen ditu.
  • Psike. Markeliñe (Euskal Herria). Urriak 31, zapatua, 20:30ean, San Martin plazan. (Euria egiten badu, Boluko frontoian). Estetikoki berezia da. Artista baten ikuspegitik, bere ametsak eta beldurrak azaltzen ditu. Berria da ikuskizuna.
  • Rodó. Chapertons (Katalunia). Azaroak 1, domeka, Seminarixoan 19:00etan. Ikusle guztientzat lengoaia unibertsala. Jolasaren eta umorearen bidez, poesiaz eta sormenez jositako mundu bat biziaraziko dute. Pneumatikoak izango dira beti protagonista.
  • Alberto Saavedra gogoan. Donostiako artista eta artisauaren omenez, Seminarixoko emanaldien sarreran eta irteeran Saavedrak sortutako panpinek harrera berezia egingo diete ikusleei. Panpinak Iñaki Matak egokitu eta prestatu ditu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak