Manoli Sierra: "Emozio eta sentimendu askorekin bizi izan dut gaurko eguna"

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 19a, 20:15

46 urte ditu Manoli Sierra bergararrak, eta martxoaren 13an diagnostikatu zioten bularreko minbizia, pandemiaren hasiera betean. Kimioterapia bukatu berri du, ordea, eta "oso indartsu" sentitzen da orain. Halaber, "emozioz" bizi izan du Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Egun hau. 

Noiz hasi zen guztia?

Martxoaren 13an diagnostikatu zidaten bularreko minbizia. Aurrez, koskor bat nabaritu nuen, eta ginekologoarengana joatea erabaki nuen. Segidan diagnostikatu zidaten minbizia, argi eta garbi ikusten baitzen tumore gaiztoa zela. Orduan, askotariko probak egin zizkidaten, biopsia eta abar, eta apirilaren 21ean egin zidaten ebakuntza. Gero, maiatzaren 13an hasi nintzen kimioterapiarekin. Duela bi aste bukatu dut tratamendua, eta oso ondo nago, oso indartsu. Hala ere, oraindik erradioterapiarekin hasi behar naiz, azaroaren 9an, eta hiru astez hartu beharko dut. Horrez gain, anti-gorputzak eta bestelakoak ere bai. Guztia amaitzeko eta hemendik irteteko gogotsu nago.

Nola hartu zenuen albistea? Pandemiaren hasiera-hasiera zen, gainera.

Imajinatu… Oso gogorra izan zen hasiera. Nire familian inork ez du bularreko minbizirik izan, eta nik ez nuke sekulako imajinatuko hau pasatu beharko nuenik. Gainera, konfinatu egin gintuzten eta ni nire bi seme-alabekin eta senarrarekin nengoen etxean. Horrek indartu egin gintuen, denbora asko pasa genuen elkarrekin. Hori bai, familiaren falta sentitu nuen, izan ere, horrelako albisteak aurrez aurre ematea da egokiena, besarkatu eta kontsolatu ahal izateko. Okerrena nire gurasoena izan zen, haiek ezin ikusi ahal izatea. Hala ere, ebakuntza egin zidatenean, pisu handia kendu nuen gainetik eta familia ere lasaitu egin zen.

Eta, nola bizi duzu gaurkoa moduko egun bat?

Emozio eta sentimendu askorekin, gaixotasun hau daukadanetik, lehena baita. Hunkituta nago, batetik, ikusten dudalako nola jendeak eta elkarteek laguntzen eta babesten gaituzten, eta bestetik, pasatu dudan guztia etortzen zaidalako burura, izan ere, sufritu egin behar izan dut bide honetan. Hala ere, pozik nago, mendiaren gailurrera iritsi naizelako. Orain jaistea dagokit, eta azkar, gainera.

Ze iritzi duzu Katxalin moduko elkarteek egiten duten lanaz?

Ezingo genuke aurrera egin haiek barik. Asko babesten gaituzte eta hori izugarri eskertzen diet. Pandemiaren ondorioz, ezin izan ditugu ekintzak guztiak egin, baina beti egon izan dira hor, eta oso garrantzitsuak izan dira nire errekuperazio prozesuan. Osatzen naizenean ere, ez dugu harremana galduko, ziur nago.

Zer esango zenioke bularreko minbiziari aurre egiten ari den horri?

Errusiar mendi bat da gaixotasuna. Egun batzuetan ondo egon arren, beste batzuetan gaizki zaude. Baina, batez ere, bukaerara iristeko gogoak izatea garrantzitsua da, osatuko zarela pentsatzea eta ingurukoen babesaz disfrutatzea. Pertsonen giza-balioa agerian uzten du, eta jasotzen duzun laguntza eta babes guztia aintzat hartzekoa da. Horrekin geratu behar gara.

Zerbait gehitzerik gurako zenuke?

Eskerrak eman gura dizkiet familiari eta lagundu didaten pertsona guztiei, Katxalin elkarteari, eta baita mediku guztiei ere. Tratu berezia dute gurekin, maitasun handiz hartzen gaituzte eta hori funtsezkoa da minbizia duen batentzat.

Erlazionatuak

Ibai-Arte eta Katxalin, eskutik

Eneko Azurmendi 2020 urr 20 Arrasate   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak