Bergaran dagoen Soraluce enpresak chatterra –mekanizazio malguko prozesuetan sortutako bibrazioa– kentzera bideratutako moteltze aktiboko gailua aurkeztu du, eta mundu mailako Quality Innovation of the Year sarietako bat jaso du. Azaldu dutenez, kontrolagailu batek eta mekanizatu beharreko piezaren gainean jartzen diren eragingailu inertzial batzuek osatzen dute sistema.
Epaimahaiak adierazi duenez, Soralucek aurkeztutako berrikuntzak aldeko puntuazioa izan du ebaluatzen diren bost parametroetan: berritasuna, erabilgarritasuna, ikaskuntza, bezeroarenganako orientazioa eta eraginkortasuna. Soraluceko Rafael Idigoras zuzendariak azaldu du pozik daudela eta sariak haien lana aitortu duela: "Sari honek bikaintasunaren eta garapen teknologikoaren alde egin dugun apustua aitortzen du, eta Soraluceren ospea sendotzen du".