A-636 errepidean, Beasain eta Bergara arteko autobidean, bidesaria ezartzearen alde agertu da jeltzaleen taldea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eric Galvez batzarkideak adierazi duenez, neurririk "eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena" da ordainketa-erregimena ezartzea: "Kanona ezartzeak aukera emango du eraikuntzak, mantentzeak, kontserbazioak eta ustiapenak sortutako kostuak agerian jartzeko, azpiegiturak erabiltzen dituztenei helarazteko, barne-orekako faktoreak ezartzeko eta gure errepideek behar dituzten kontserbazio- eta kudeaketa-kostu handiak berreskuratzeko".
Elkarrekin Gipuzkoaren zuzenketari, ezezkoa
Galvezek adierazi du ezetza eman diotela Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako zuzenketari. Zehazki, zuzenketa hori Debagoieneko eta Urola Garaiko Ezker Anitza-IUk eskatu zuen, izan ere, adierazi zutenez, "ez da bidezkoa" errepide horretan ordainsaria ezartzea: "Pentsatzen dugu ezin dela bidesarien ordainketa egin tokiko trafikoa igarotzen den eremu batean, baldin eta, gainera, hori ordezkatzeko garraio publikoko zerbitzurik ez badago".
EAJko batzarkidearen hitzetan, ordea, "kontraesana" da garraio publikoa sustatzeko A-636 errepidea doakoa izatea."Doakoa bada, sustatzen den gauza bakarra ibilgailu pribatuaren erabilera da", esan du Galvezek. Bestetik, jeltzaleak gehitu du bidesarien sistemak errepideak mantentzeko "zama ekonomikoa" kentzen diola Foru Aldundiari, eta, horrela, baliabide horiek "beste arlo batzuetara bideratzea" ahalbidetzen duela.