COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko plan integrala aurkeztuko du Bergarako Udalak

Maider Arregi 2020ko urr. 9a, 17:44

Bergarako udal gobernuak COVID-19ak eragindako behar berriei erantzungo dion plana lantzen ari da. Hala, urria bukaeran, COVID-19ak herrian eragindako kalteei aurre egiteko plan integrala aurkeztuko du udalak. "Bizitzen ari garen larrialdi egoeraren eragina txikitzea, biztanleria sektore sentikorrenak aintzat hartzea eta ekonomia suspertzen laguntzea ditu oinarri planak", azaldu du Gorka Artola alkateak.

"Martxotik hona, argi geratu da osasun krisia zena pertsonen bizitzaren arlo guztietara hedatu dela eta ondorio kaltegarriak eragin dizkiela. Hori horrela, Bergarako udal gobernuaren asmoa da, egoera oroko horri erantzuteko tresna integrala izatea, arlo eta behar desberdinak barnebilduko dituena. Laguntza eta babesa behar duenak plan honen bidez erantzuna jasotzea nahi genuke, horregatik egiten ari gara lanketa sakona. Udal gobernu osoa ari da buru belarri ahalik eta proposamen egokiena lantzeko helburuarekin lanean. Arlo desberdinetako ezagutza metatzen ari gara. Halaber, oso baliagarriak izaten ari dira, eta kontuan izan ditugu proposamenak egiterakoan, udaleko jardunean ari garenetik herriko eragileekin eta alderdiekin izan ditugun harremanak eta haiengandik jasotako eskaera eta beharrei erantzuteko ahalegina egiten ari gara",  azaldu du ohar bidez Gorka Artola alkateak.

"Bizitzen ari garen larrialdi egoeraren eragina txikitzea, biztanleria sektore sentikorrenak aintzat hartzea eta ekonomia suspertzen laguntzea ditu oinarri aipatutako planak. Orain arte pandemiaren eraginak malgutzeko hainbat ekimen egin ditu Bergarako udalak eta dirua bideratu du horretara (milioi bat euro baino gehiago) eta bultzada berria emango zaio oraingo plan integralarekin. Milioi bat euro baino gehiago bideratuko da hemendik aurrera plan honetan jasotakoak gauzatzeko. Besteak beste, oinarrizko elikadura bermatzera 60.000 euro bideratuko dira eta eremu publikoak behar berriei erantzuteko erabilgarri jartzeko beharrezkoa egokitzapenak egiteko 300.000 euro bideratuko dira". Udal gobernuak zirriborroa amaituta, oposizioan dauden alderdiei helarazi die gaur, urriak 9, haiek proposamena ezagutu eta bueltan iritzia jasotzeko. Hilabete amaieran aurkeztuko da plan integrala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak