Nerea Fernandez: "Emakume askok uste dute besteentzat bizi direla"

Maialen Santos 2020ko urr. 9a, 14:44

Gerontologian espezializatutako psikologoa da Nerea Fernandez. Zaharalduntze feminista: adinkeria ezagutzen izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo arratsaldean, Bergarako Irizar jauregian.

Zer esan gura du izen horrek?

Adinkeria diskriminazio mota bat da, eta hori ezagutzeko hitzaldia eskaini nuen. Ezaguna da adineko pertsonek diskriminazioa pairatzen dutela adinekoak izate hutsagatik, baina ez dugu ikusarazten, eta hortik abiatu nuen berbaldia.

Eta zergatik feminista?

Adineko emakumezkoek diskriminazio bikoitza pairatzen dutelako: adinarengatik eta emakume izateagatik.

Nori zuzendu zenion hitzaldia?

Ez dago zehaztuta. Uste dut txikitatik landu beharreko gaia dela; eta, beraz, publiko guztiendako hitzaldiak eskaintzen ditut. Bergarakoa ere hala izan zen. Askotan, hasten gara emakume zaharrekin gaia lantzen, eta konturatzen gara beranduegi dela. Lehenago hasi behar da.

Zer egin zenuten, zehazki?

Esan moduan, adinkeria lantzetik hasi ginen, eta horri genero ikuspuntua sartzen joan nintzen. Bestetik, publizitatean gaia nola lantzen den, sexualitatean zer gertatzen den... ere landu genuen. Nabarmentzekoa da baita egunerokotasunean dauden mikroadinkeriei ere erreparatu geniela; gehienek emakumezko generoarekin ere badutelako zerikusirik. Adineko pertsonen bizitza ezberdina izan da orain artean, eta horrek euren zahartzaroan eragina izan du.

Hitzaldi dinamikoa izan zen?

Jakina. Nik hitz egiten dudan arren, jendeak parte hartu eta bere bizipenak elkarbanatu ditzake; are gehiago, nahiago dut hitzaldia dinamikoa bada.

Parte hartu daiteke, horrenbestez...

Bai, eta hala izan dadin gura dut. Nik gida eta kontzeptu batzuk ematen ditut, baina talde bakoitza oso ezberdina da. Talde hibridoak dira, eta bakoitzaren ezagutzetan eta bizipenetan fokua jarrita lantzen dugu bidea.

Zertan lagun dezake ahalduntze feministak zahartzaroan?

Atzokoa hitzaldi formatuan egin nuen, baina egia da beste herri askotan tailerrak eskaintzen ditudala. Ikusten dut oraindik emakume asko dagoela bere zurrunbiloan sartuta; ez dira konturatzen ez direla bizi euren bizia besteei emateko, norberarentzat baizik. Horregatik da garrantzitsua ahalduntzea oinarri hartuta nork bere burua zaintzea, norbera delako garrantzitsuena.

Adineko emakumeak dira zurrunbiloan sartuta daudenak?

Ez. Gazteen kontua ere bada, eta horregatik eskaintzen ditugu adin guztietarako tailerrak. Adin askotariko emakumeak elkarrekin jartzen ditugunean, oso talde goxoak sortzen dira.

Bizitzen Fundazioak antolatutako hitzaldia izan zen. Zertan lan egiten duzue?

Bizitzen Fundazioak pertsonen ongizatea zaintzea du helburu. Menpekotasuna duten nagusiekin egiten dugu lan, eta baita adinekoen zaintzaile diren senideekin ere. Ni zahartzaroan, gerontologia arloan, espezializatutako psikologoa naiz.

Psikologia zerbitzua ere eskaintzen duzue...

Durangon dugun bulegoan eskaintzen dugu psikologia zerbitzua. Estimulazio kognitiboa eta errehabilitazioa ere egiten ditugu. Udaletxetako programak ere lantzen ditugu.

Zergatik da garrantzitsua pertsonen ongizatea zaintzea?

Giltzarri delako. Pertsona batek bere ongizatea zaintzen badu, hobeto egongo da bera, eta baita bere inguruko guztiak ere. Horrenbestez, gizarteak ere hobera egingo du, orokorrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak