1960ko hamarkadako Bergara protagonista bihar Aroztegin irekiko den erakusketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 8a, 12:03
Seminarioko ikasleen gimnasia-erakustaldia, gobernadore zibilaren bisitan. 1962ko martxoaren 8koa da argazkia. Argazkiaren jabetza. Bergarako Udal Artxiboa. Toribio Jauregi fondoa.

60 jarri diote izenburu urriaren 9tik 25era Aroztegin egongo den erakusketari. Zergatik? 1960ko hamarkadako Bergararen hainbat argazki erakusten dituelako eta argazki horiek atera zirenetik 60 urte bete direlako. "Gure herria 1960ko hamarkadan irudikatu nahi izan dugu; orduko Bergarako herritarren egunerokotasuna azaldu", dio Udal Artxiboko arduradun Arantzazu Oregik.

Hirurogeiko hamarkada, zentzu askotan, aldaketa-garaia izan zen; eta erakutsiko dituzten 65 argazkien bitartez, gizarte haren zertzelada bat ekarri nahi izan dute: "Bergararren aisialdian zinea eta kirol-ikuskizunak nabarmentzen dira. Hemen, hauetariko batzuk ikusi ahal dira: pilota, txirrindularitza, futbola, ziklo-krosa… Baina, horietaz gain, baziren mendi-irteerak, musika-taldeetan parte hartzea, domekero egiten ziren dantzak..."

Aldaketa urbanistikoen garaia

Aldaketa urbanistikoen garaia ere izan zen 1960ko hamarkada: "Alde batetik industria berriak sortu ziren; aurretik zeuden ehungintza-lantegiez eta Zerrajeraz gain, beste sektore batzuetako lantegiak ere ugaritu ziren, eta horietako asko San Lorentzoko industrialdean ezarri ziren. Bestetik, etxebizitza asko eraiki ziren; hala nola, Fraiskozuri plazan, Ariznoa kalean, Zabalotegin, Irizar pasealekuan, Matxiategin. Izan ere, aurretik zeuden etxebizitzen kopurua txikia geratu zen, eta gainera haiek ez zuten betetzen garai hartan eskatzen zen erosotasun-maila".

Elizaren garrantzia

Elizaren garrantzia ere ez da oharkabean pasatzen erakusketatik: "Bataio, jaunartze, ezkontza eta hileta elizkizunez harago, edozein denda edo lantegi zabaltzerakoan edo edozein ospakizunetan beti egiten zen haien bedeinkapena. Hezkuntzan ere, bi ikastetxe handienak –Mariaren Lagundia eta Seminarioa– mojek eta fraideek zuzentzen dituzte".

Udal Artxiboari esker

Erakusketa honetako argazki denak Udal Artxibokoak dira: "Artxiboan gorde eta kudeatzen ditugun fondoak herritarrei ezagutzera emateko modu bat da. Aroztegi aretoak hori egiteko aukera bikaina eskaintzen digu, baina milaka argazkien arteko aukeraketa-lana egin behar izan dugu... Ez da lan erraza izan, baina zuen gustukoa izatea espero dugu". Udal Artxiboak orain arte antolatu dituen erakusketa guztiek izan dute oso harrera ona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak