Jendea behar dute urriaren 17ko erreka garbiketarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 6a, 15:31

Udaleko eta erreka garbiketaren antolakuntzako kideak gaur, aurtengo auzolanaren berri emateko agerraldian.

Urriaren 17rako egin dute "oso arrakastatsua" izan ohi den erreka auzolanean garbitzeko deia. Urriaren 13a baino lehen eman behar da izena eta asmoa da erdigunean beste urte batzuetan baino ahalegin txikiagoa egitea garbiago egon ohi delako. COVID-19ak eraginda ez da hamarretakorik egongo eta ez da urik banatuko; norberak eraman beharko du etxetik.

Gaur egin dute auzolana iragartzeko agerraldia, Bideberrin: "Ekimena oso arrakastatsua da, herritarron inplikazioagatik, auzolan eredua berrindartzeagatik, sortzen dugun zaborraren eta horren kudeaketaren inguruko sentsibilizazioa pizten duelako eta, zer esanik, gure izatearen parte den erreka garbitzen delako. Udalaren aldetik esatea auzolan eredua, eta herritar eta erakundeen arteko elkarlana direla beti ere herriak aurrera egiteko giltzarri".

Urriak 17a da erreka garbitzeko auzolana, 09:30etik 13:00etara; eta izena emandakoak hiru talde nagusitan banatuko dira: seminarioko patioa, Labegaraieta (kiroldegi parean) eta Osintxuko plaza.

Bestalde, Usondoko parkea haur txikien eta familien gunea izango da.

Ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako hiru bide daude:

- Udal webgunean.

- Agorrosinen, bertara joanda edo 943 77 70 95 telefono zenbakira deituta.

- errekagarbitzeko@gmail.com e-posta helbidera idatzita.

Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea

Erreka garbitzeko herritar batzordetik gogorarazi dute ezinbestekoa dela aurretik izena ematea; eta herritar ugari batzen badira ere, jende gutxiegi dela erreka oso handia delako. Horrekin lotuta, azaldu dute iaz 200 bat lagun batu zirela; eta orain zortzi urte 350 izan zirela.

Aurreko ediziotan aurkitu izan dituzte mobileteak, bizikletak, bonbonak, autoen motorrak eta hondakin ugari.

Hamarretakorik eta urik ez, pandemiagatik

COVID-19a dela-eta, aurten ez da hamarretakorik ezta urik banatuko. Bakoitzak eraman beharko du berea.

Hasieratik ume zirela auzolanean parte hartzen duten gaztetxoenek proposatu dute erreka garbiketa eremu berrietara ere eramatea; hain zuzen ere, Oxiñara eta Abrainerrekara. Jende nahikoa apuntatzen bada, hara ere joko dute.

Horrekin lotuta, aipatu dute aurten erdigunean ahalegin txikiagoa egingo dutela garbiago egon ohi delako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak